Maiatzaren 6an eta 13an Bizkaiko Eskolarteko txapelketak burutu ziren Uribe Kostan, bat-batekoa eta idatzizkoa hurrenez hurren.
Azken bi martitzenetan, maiatzaren 14an eta 21ean hain zuzen ere, Bertso Topaketa bana izan dugu Uribe Kostan. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik, eskualdeko ikasleek bertsolaritza saioak jasotzen dituzte Hezkuntza Arautuan, eta ikasturtea amaitzen doala aprobetxatzeko eta ospatzeko, Bertso topaketak egin ditugu.
Jone Uriak eta Sustrai Colinak goi mailara eraman zuten bertso bazkari klasikoa deitu diogun saioa. Ez da lehenengo aldia Bentan bertso ekitaldirik antolatzen duguna. Egoitza zaharberrituko beirate gardenek aukera ematen dute egunaren argitasunaz eta eguneko bertso ederrez batera gozatzeko.
Bizkaiko Taldekako Txapelketa urte birik behin jokatzen da, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak koordinatuta, eta partaideek euren saioak antolatuta. Txapelketa informal samarra, umoretsua eta giro bikainekoa izaten da, plazan gutxi ibilitakoentzat berebizikoa. Uribe Kostan hiru talde ditugu lehian: Karidadeko masokistak, Leioatik Leioara eta Pirata bertso-taldea.
Apirilaren 17an, asteazkenean, kanporaketa bat izan genuen Algortan. Bertan, Lea Artibaiko “LeartiBai+” eta ALBEko helduen bertso eskolako kideek osatutako “Karidadeko masokistak” taldeak aritu ziren.