ESKOLETAKO PERREXILAK POZARREN BERTSO SALTSAN!

2024ko maiatzaren 14an ESKOLATIK PLAZARA ekimenaren edizio berria egin zen Areetako Andres Isasi Musika Eskolaren entzunareto nagusian. Egun berezia izaten da hori ikasturte osoan zehar bertsolaritza lantzen duten eskola umeentzat, egun berorretan oholtzan kantatzen dituztelako ikasgelan prestatutako bertsoak.
 
Eskolatik plazara orokorra 1
 
Nahikari Ayo dabil Getxoko herri ikastetxeetan eta San Nikolas ikastolan bertso irakasle eskola orduetan, eta bera izaten da Eskolatik Plazara ekitaldiaren gidaria. Bertso ikasleek gogo biziz kantatu zituzten euren bertsoak, mezu originalekin eta doinu ugaritan. Euren bertsoez gain, bertsolari bik jardun zuten kantuan haurren aurrean, haurren ondoan eta haurrekin batera. Bata Miren Amuriza izan zen, Berrizkoa, eta bestea Peru Irastorza, Algortakoa. Bata Bizkaiko zein Euskal Herriko plazetan ibilia eta aski ezaguna; bestea ALBEkoa eta egunetik egunera presentzia eta pisua irabazten ari dena han-hemengo bertso plazetan. Saio ederra egin zuten biek bietara, irudimentsua, erritmo onekoa eta elkarren konplizitate handikoa. Ikasleekiko konexioa eta interakzioa ere oso ona izan zela esan behar!
 
Eskolatik plazara Miren 1Eskolatik plazara Peru 1
 
Halaxe, bada, ekitaldiaren helburuak ondo beteta lotu ziren, eta eskolatik bertso plazarako zubi zabala ikasleon buru-begietan egongo da, noizbait erreka igarotzera adoretzen direnentzat tentagarri.
Ea ikasle motibatu horietako batzuk ALBEko bat-bateko talderen batean sartu eta laster plazan bertso kantari ikusten ditugun!!!