60 URTEKO ARGITASUNA EUSKAL KULTURAN

2024ko maiatzaren 11n ITXAS ARGIA dantza taldeak jaialdi ederra burutu zuen Getxoko Andra Mariko pilotalekuan, bertako San Isidroko jaien ingurumarian, elkartearen 60. urteurrena ospatzeko. Ekitaldiak une hunkigarri asko izan zituen. Belaunaldi guztietako dantzariak aritu ziren jendaurrean eta gonbidatu bereziak ere izan ziren, besteak beste, ALBEko bertsolariak.
 
Itxasargia 3
 
ALBEtik Josu Landeta eta Joseba Santxo joan ziren, eta pare bat parte hartze izan zituzten galan zehar. Lehenengoan, herri kirolarien hasierako erakustaldia amaitu bezain laster, zortziko nagusi bina bota zituzten Josuk eta Josebak, Itxas Argiaren lana eskertuz eta goraipatuz. Gero, dantzen agerraldi luze bezain aberats, koloretsu eta bizia eskaini zuten Itxas Argiako lagunek. Amaiera aldera, berriro irten ziren ALBEko bertsolariak. Oraingoan, zortziko txikian ekin zioten arloari, umoretik jota. Jarraian, Santiau eta Santana izeneko kopla zaharrak abestu zituzten, ahots bitara, eurek egin ohi duten moduan.
 
Itxasargia 1
 
Ospakizuna amaitzeko, photocall erraldoia egin zuten antolatzaileek, Itxas Argiatik pasatutako guztiak elkartuta. Hunkigarria, txalogarria eta bikain antolatuta!!!
 
ALBEtik euskararen eta euskal kulturaren alde hainbeste denboran egindako lan oparoa eskertu ez ezik, beste hainbeste urtean jarraitzeko eskatzen diegu, eurak bezalako itxas argiak beharrezkoak baitira euskal iparra erakutsi eta euskal 'hitzontzien' bidea argitzeko.
 
Itxasargia 4 
 
ZORIONAK, ITXAS ARGIA, ETA EUTSI GOIARI!!!