Bizkaiko Taldekako Txapelketa urte birik behin jokatzen da, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak koordinatuta, eta partaideek euren saioak antolatuta. Txapelketa informal samarra, umoretsua eta giro bikainekoa izaten da, plazan gutxi ibilitakoentzat berebizikoa. Uribe Kostan hiru talde ditugu lehian: Karidadeko masokistak, Leioatik Leioara eta Pirata bertso-taldea.
Apirilaren 17an, asteazkenean, kanporaketa bat izan genuen Algortan. Bertan, Lea Artibaiko “LeartiBai+” eta ALBEko helduen bertso eskolako kideek osatutako “Karidadeko masokistak” taldeak aritu ziren.
Izenaren azalpena: ALBEren martitzenetako eskola Aldai patronatuak Karidade kalean dituen lokaletan egiten da.
Bestetik, Aldai familiaren armarrian "amor es dolor" goiburua dago. Hortik masokistena. 🤣
Lehenengo saioa Salem tabernan egin zen, 19:00etan, eta Iñigo Kortazar eta German Kortabarria izan ziren gai jartzaileak. Agurrak umoretik joan ziren.
Lehenengo ofizioan Lurdes Ondaro eta Josu Landeta etxe bila zebilen bikotea izan ziren. Lurdesek herri txiki batean bizi nahiko luke eta Josuk berriz hirigune handi batean. Ofizioa bizi-bizia izan zen, eta ideia ugari aipatu zituzten bi bertsolariek.
Ofizioaren ondoren bakarkako bi lan egin behar izan zituen talde bakoitzak. Lehenengo, Lekeitioko Oier Azulak lau oinak eta azken aurreko puntua emanda zortziko txiki bi osatu zituen. Gero Algortako Peio Arondok egin zituen bi ariketok. Peiok bi bertsoak ildo berdinetik bideratzea erabaki zuen. Lehenengoan gabarra ikustera joan ez zen “Bizkaiko eskirola” zela esan zuen, eta bigarrenean argi utzi zigun gabarrak izan zuen arrakasta ikusi arren hartutako erabakiaz ez zela damutzen.
Bigarren ofizioak dilema ekarri zien Lea-Artibaiko Aissari eta ALBEko Oierri: Sevillara bidaiatu apirileko feriara lagun batek gonbidatuta, edo EAEko hauteskundeetan parte hartu. Aissak hasieratik irudikatu zuen bere burua Trianan “takoi altuekin ta bolante gorridun soineko batekin” dantzan, eta Oierrek, bozkaren bidez, Sevillako leloari erreferentzia eginez, “hemen margo espeziala” jartzea proposatu zion.
Ondoren hitzaren ariketa etorri zen. Beñatek “soldata” hitzari kantatu behar izan zion, eta “nahiko lukeen haina” ez zuela kobratzen onartu arren, bere “lana ez uzteko nahikoa” zela ere esan zigun. Oierrek berriz “zero-zero” hitzaren inguruan bota zuen bertsoa, ironiaz kexatuz edan osteko alkoholemia kontrolean ez dugula inoiz “zer-zero” ematen.
Gero epaile lanetan zebiltzan Nerea Ibarzabal eta Aitor Fernandez de Martikorenak puntuak batu, eta 4 puntuko aldeagatik LeartiBai+ taldeak irabazi zuela adierazi zuten.
Bukaerako agurretan Lurdes Ondarok ALBEko kideek antolatutako iluntzea eskertu eta entzuleak Azebarriko saiora gonbidatu zituen.
Azebarriko saioa bide beretik joan zen, bizi eta umoretsu. Bigarren honetan Masokistek ia-ia jan zuten aurreko saioko puntu aldea, eta azkenean puntu bakar baten faltan lotu ziren Lea-Artibaikoak garaitzeko.
Benetako garaipena, baina, astegun buzuzuri batean Lea-Artibaiko eta ALBEko bertso taldeak bat eginda ikustea, gure kale-tabernak alaitzen eta bertsotan gozatzen eta gozarazten, lagunarteko giro paregabean. Gora gure talde izaera!!!
Kronika zehatzagoa, Beñat Lopez ALBEkideak idatzita, hemen duzue irakurgai.