ALBEKO JOSUK ETA JOSEBAK TXATOREN OMENEZKO HERRI BAZKALOSTEA GIROTU ZUTEN

José Antonio Sellán Peña zuen izena eta Areetako Berantzagi dantza taldeko alma materra genuen, baina tamalez 2023ko apirilaren 11n utzi gintuen. ALBErekin aspaldiko harremana zuen, gehienbat Areetako Olentzero biziduna dela bitarte. 

txato omenaldia 1

Lehengo zapatuan, apirilak 13, haren omenezko eguna antolatu zuen Berantzagik, beste zenbait elkarte eta erakundek lagunduta, geu ere tartean ginela.

Egun osoko egitarau ederra prestatu zuten: triki-poteoa, herri bazkaria, bertsoak, kalejira, abesbatza eta dantza plaza. ALBEko Josu Landeta eta Joseba Santxo izan ziren Areetako Eskoletako enparantzan egin zen herri bazkariaren ostean han batu zirenak bertsoz, koplaz eta kantuz janzteko arduradunak. 

txato omenaldia 2txato omenaldia 3

Bertsotan ekin zioten arloari, Txatoren aldeko goraipamenak eginez. Ondoren, abesti batzuk kantatu zituzten, Josuren eskusoinuak lagunduta. Bertso eskolaren bereizgarri diren kopla zaharrak ere abestu zituzten, Santiau eta Santana izenaz ezagutzen ditugunak, ahots bitara eurek ohi duten moduan. Bat-bateko koplak ere ondu zituzten Egun da Santimamiñe doinuan, eta ariketa horretan dantza taldeko gazteengana zuzendu ziren, euskararen erabilpenaren aldeko aldarri eginez. Beste kanta batzuen ostean, agur banarekin amaitu zuten hango saioa, bukaeran era Txato gogoan eta ahoan zutela. 

txato omenaldia 4

Berantzagikoek asko eskertu zuten gure ekarpena, baita geuk ere gugana jo izana. 

Ondo bidean, Gabonetan Areetako plaza hartantxe elkartuko gara berriz. Txatoren presentzia fisiko barik beharko du, baina bera presente dugula, gure bertsoetan ez ezik, denon gogoan ere egongo baita Berantzagi dantza taldeko dantzamaisu, ekintzaile eta euskaltzale nekaezina zena.