Jone Uriak eta Sustrai Colinak goi mailara eraman zuten bertso bazkari klasikoa deitu diogun saioa. Ez da lehenengo aldia Bentan bertso ekitaldirik antolatzen duguna. Egoitza zaharberrituko beirate gardenek aukera ematen dute egunaren argitasunaz eta eguneko bertso ederrez batera gozatzeko.
Mahaiaren atonketan hainbat ALBEkide prestuk jardun zuten, Aritz Landetaren eta Kerman Diazen esanetara. Jatekoa ugaria bezain gozoa izan zen, eta bazkalostekoa, ezin gozoagoa! Polito ekin zioten bertsolari biek arloari, 'klasikoa' terminoaren inguruan, ironia eta umorea hasieratik bertatik baliatuz. Gero hainbat gai jorratu zuten konplizitate handiz, pertsonaletk orokorrera eta orokorretik pertsonalera umoretsu igarorik.
Atsedenaldi labur baten ostean berriz ekin zioten bertso lanari, oraingoan bazkaltiarren aipuak eginez, berauen barreak eraginez. Amaiera ere indartsua izan zen, doinuz, neurriz zein mamiz, eta ahozapore gozoa utzi zuen bertaratu ziren 30 bertsozaleengan. Argi lotu zen, beraz, formatu klasikoak ere baduela tokirik gure urteko agenda koloreaniztunean!