Azken bi martitzenetan, maiatzaren 14an eta 21ean hain zuzen ere, Bertso Topaketa bana izan dugu Uribe Kostan. Bizkaiko Bertsozale Elkartearen eskutik, eskualdeko ikasleek bertsolaritza saioak jasotzen dituzte Hezkuntza Arautuan, eta ikasturtea amaitzen doala aprobetxatzeko eta ospatzeko, Bertso topaketak egin ditugu.
Lehenengoa, Sopelan ospatu genuen, eta bertan Urduliz, Sopela eta Plentziako ikasleak izan ziren protagonista Kurtzion egin genuen topaketan.
Maiatzaren 21ekoan Erandioko ikasleak ibili ziren bertsotan herriko Merkatu zaharrean.
Sopelan, Kerman eta June neba-arreba diaztarrak, eskualdeko bi bertsolari ezagun, ibili ziren bertsotan. Erandion, aldiz, Aiala Irurtia eta Enara Gallastegik abestu zuten, Bizkaiko Eskolarteko finalean kantatuko duten bi bertsolari gazteek.
Bi topaketetan saio ederrak eta hurbilak izan genituen gozagarri.
Topaketak aurkezten, eskualdean gabiltzan bertso irakasleok aritu ginen: Josu Landeta, Peio Molinuevo eta Peru Vidal.
Bi jaialdietan, Mikelot musikariaren laguntzaz ikasturtean landutako bertso sortak eta euskal kantutegiko hainbat kanta abestu genituen, jai giro ederrean.
Musikariak, bertsolariak, aurkezleak… eta nola ahaztu, protagonista nagusiak! Ikasleak izan ziren oholtzetan leku handiena izan zutenak. Taldeka, ikastetxeetan landutako sortak abesteaz gain, bat-batean aritu ziren ikasle asko, eta kopla zoragarriak sortu zituzten!
Jaialdi ederrak izan ziren biak ala biak, eta bertan esan genuen bezala, honek ez du etenik, herriko jaietako bertso saioetan elkar ikusiko dugu guztiok!
Segi dezagun bizitza bertsoz alaitzen!!!
Peru Vidal Gurrutxaga