Maiatzaren 6an eta 13an Bizkaiko Eskolarteko txapelketak burutu ziren Uribe Kostan, bat-batekoa eta idatzizkoa hurrenez hurren.
Bat-batekoa Algortako San Nikolas Ikastolan egin zen, aurton Ibilaldia herrian burutuko dela kausa. Bertan, Naia Martin, Aimar Marcos, Maddi Aurtenetxe, Naroa Iturrioz, Amaia Gallastegi, Amaiur Betanzos eta Eider Fernandez ibili ziren kantari. Bertan, Naroa Iturrioz izan zen puntu gehien batu zituen bertsolaria, finalera zuzenean pasatu zena. Berarekin batera, Enara Gallastegi sailkatu zen finalean kantatzeko. Bestetik, esan aurton gure eskualdetik ez dela bat-batekoan partaiderik izan.
Iturria: Bertsozale Elkartea
Idatzizkoari dagokionez, lehen faseko saioak eskoletako ikasgeletan burutu ziren, eta bigarren fasean maiatzaren 13an 110 ikasle inguru batu ziren Erandioko Udaletxeko arkupetan Uribe Kosta mailako saioa egiteko. Bertan, Plentzia, Sopelako Zipiriñe, Leioako Betiko, Erandioko Ignacio Aldekoa, Goikolanda, Jado, eta Altzaga eskola eta ikastoletako ikasleak batu ziren, bai eta Sopelako Ander Deunako bat-bateko taldeko ikasleak ere. Horietatik 25 lagun pasatu dira Arrigorriagako finalera, eta eskola horiek guztiak ordezkaturik egongo dira. Ekitaldiaren ostean, ikasleei ogitarteko bana eman zitzaien. Aurton ere ez dugu Getxo eta Leioako eskola arautuetako umeen partaidetzarik lortu.
Aipatutako saioak oso giro onean egin ziren, eta partaideek betekizun maila handiarekin bukatu zituzten zereginak.
Josu Landeta Egurrola