Egun ederra izan zen bagilaren 4a. Getxotik irten zen Bizkaiko Bertsozale Elkarteak antolatutako autobusa, Hernaniko Ereñotzu auzorantz. Izan ere, bertan zen egiteakoa Euskal Herri mailako Eskolarteko Bertsolarien Finala. ALBEko dozena bat lagun animatu ziren Unai Mendiburu Algortako bertsolari gaztea animatzera (Unai Getxon jokatu zen Bizkaiko Finalean sailkatu zen Euskal Herrikorako, Txaber Altuberekin batera). Iurretan beste dozena erdi durangar batu ziren, eta Ermua aldean BBEko burua den Asier Ibaibarriaga.
2016ko maiatzaren 22a egun seinalatua zen Getxon: Fadura kiroldegian bertso-ekitaldi bikoitza zen egitekoa. Goizean Bizkaiko Eskolalarteko idatzizko eta bat-bateko finalak, batetik, eta arrastian Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udaberri faseko akabuko saioa. Arrakasta handiz egin ziren bi-biak, parte hartze handiaz eta giro ezin hobean.
Eguerdiko 12:00etan zen hitzordua, Astrabuduko Trabudu plazan, hain zuzen ere. Tantaka heltzen joan ginen albekideak poteoa hasteko adostutako “Primera linea” tabernara. Eta han, lehen lerroan, inongo lubakiren beharrik gabe, zain geneuzkan ordurako Beratik heldutako Patxi eta Aitor. Albekideok, lubakirako joerarik ez dugu izaten, baina badaezpada beti gurekin eramaten dugun nolabaiteko defentsarako arma atera genuen, Landetar bat eskusoinuarekin. Ez, ez da gerlari on bat arma batekin, konbinazioa bera da arma.
Eguerdi aldera heldu zen albekipoa Arantzara. Estrategia pentsatzeko taberna batean sartu, zuritoak eskatu, eta tabernariak galdetu zigun: “zuek bertsolariak zarete, ezta? Algortakoak.” Horrela da, herri osoak zeukan gure bisitaren berri.
Hiru zapatutan burutu da inoiz Uribe Kostan egin den eskualdeko bertso txapelketarik ederrena! Formatu berrizalea zekarren aurtengoak: kanporaketa eta finalaurreko saioak tabernetan. Eta badirudi bete-betean asmatu dugula formatu berriaz. Jende andana batu da han-hemengo tabernetan. Tabernariak gogotsu eta konplize. Bertsolariak ere gustura, egitura informalago honekin.
Martxoaren 12an, zapatuz, Algortan jokatu zen 2016ko Uribe Kostako Bertsolari Txapelketaren bigarren kanporaketa. Aurreko zapatuan Leioan egin zen moduan, hiru toki desberdinetan egin ziren kaporaketa saioak Algortan. Lehenengoa Villamonte tabernan 19:00etan. Hango saioan Josu Landeta beteranoa jarri zen buru, eta ondoren Joanes Igeregi, Daniel de Miguel eta Arkaitz Gomez. Hurrengo saioa Ekin tabernan izan zen, eta Jone Uria bertsolari ezagunak lideratu zuen hango taldea; atzetik Peio Arondo, Pello Etxebarria eta Unai Larrazabal joan ziren. Eta eguneko akabuko geltokia Azebarri Kultur Elkartea izan zen. Azebarriko saioan Imanol Uria nagusitu zen, Itsaso Paia, Miren Loizaga eta Ekaitz Larrazabal “Katxo” bertsolarien aurretik.