BERTSOTRUK!

Eguerdi aldera heldu zen albekipoa Arantzara. Estrategia pentsatzeko taberna batean sartu, zuritoak eskatu, eta tabernariak galdetu zigun: “zuek bertsolariak zarete, ezta? Algortakoak.” Horrela da, herri osoak zeukan gure bisitaren berri.

Bortziriko taldearekin batu, beharrezko aurkezpenak egin, eta segituan hasi ginen bertsotan, txistorra-pintxo eta ardo artean. Bertso politak joan ziren goizean, beti formatu berdinean: bi albekide eta bortziritar bat. Infernuko triangeluak tabernatik tabernara hedatu ziren,  arratsaldeko hiru t’erdiak  jota bazkaltzera joan ginen arte. “Algortan ordu honetan bazkaltzen da”.

Bazkari paregabea jan ondoren, patxarana, kafea, eta koparen txanda; puru bat edo beste ere ikusi ziren mahaikideen ezpainetan. Goizekoa beroketa baino ez zela izan argi uzteko, platerak erretiratu bezain pronto hasi ziren etxekoak bertsotan. Ezagutzen gaituenak jakin badaki gu ere ez garela isilik gelditzekoak horrelakoetan. Librean, ofizioak, koplak, habanerak, puntuka, denetarik bota genuen bazkalostean, zortziak jota handik irten ginen arte. Orduantxe hasi zen hirugarren denbora: goizeko taberna guztietara joan ginen berriro, eta inolako formaturik gabe, erabat librean aritu ginen gaueko ordu batak arte.

Maratoiaren azken kilometroak Lesakan egin genituen, orduko bertsoak, baina, ez ditu inork gogoratzen…