BERTSOTRUK ASTRABUDUAN!

Eguerdiko 12:00etan zen hitzordua, Astrabuduko Trabudu plazan, hain zuzen ere. Tantaka heltzen joan ginen albekideak poteoa hasteko adostutako “Primera linea” tabernara. Eta han, lehen lerroan, inongo lubakiren beharrik gabe, zain geneuzkan ordurako Beratik heldutako Patxi eta Aitor. Albekideok, lubakirako joerarik ez dugu izaten, baina badaezpada beti gurekin eramaten dugun nolabaiteko defentsarako arma atera genuen, Landetar bat eskusoinuarekin. Ez, ez da gerlari on bat arma batekin, konbinazioa bera da arma.

 Soinuaren airera jendea gerturatu zen, lehenagotik huts xamar zegoen plazara, eta bertso kantuari ekin genion. Tabernaz taberna ibili ginen, bi bortziriarrak aldiro bi albetar ezberdinekin, bazkalordura bitarteko kalejiran. Baina bazkalaurreko azken tabernan, aldaketa egin zuten bisitariek. Aitorrek eta Patxik etxerako buelta egin beharra izan zuten, eta ordezko luxuzko bat utzi zuten Astrabuduan: Eneko.

Gosea eginda, bazkaltzera hurreratu ginen. Ordurako beste bi soinujole batuak zitzaizkigun batailoira, tartean aspaldiko albelagun Maitane. Campero jatetxean egin genuen bazkari legea, eta esan beharra dago bikain hartu gintuztela, etxeko; badakigu, beraz, aurrerantzean inguruotan gabiltzanean nora jo.

Bazkalostean mahaiaren bueltan ere izan zen bertsorik. Baina saio laburra izan zen, izan ere, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako udabarriko faseko kanporaketa genuen. Arrate eta Paule albekideek parte hartu zuten, eta bai emaitza bikaina lortu ere; saioko lehenengo eta bigarren izan ziren, eta batak zein besteak udazkeneko faserako txartela lortu dute; zorionak biei!

Aretotik irtenda, berehala ekin genion berriro soinuz eta tragoz lagundutako bertso jardunari. Tabernaz taberna, bertsoz bertso eta tragoz trago, giroa eta gogoa berotuz joan ziren. Eguna Astrabuduan amaitu zen, gaua uste dut ez zela han amaitu…