JA Muzic - шаблон joomla Mp3
> <

Hurrengo ekitaldiak:
20
Hitzaren Dantza 2026
20:00etan

Azken berriak

Argitaratze data: 2026-06-15

Leioako San Juan jaiak ekainaren 19tik 24ra ospatuko dira eta, urtero lez, egitarau oparo horren barruan ez da bertsorik faltako! Igandean, 19:00etan, José Ramon Aketxe plazan izango ditugu Unai Mendiburu, Aitor Sarriegi, Erika Lagoma eta Sustrai Colina bertsolariak, Beñat Vidal gai-jartzailearen esanetara.


Leioako jaietako egitarau osoa hemen aurkitu dezakezu.

Argitaratze data: 2026-06-12

Gaur jokatuko dira Bizkaiko Taldekako azken bi kanporaketak, Leioan eta Gernika-Lumon, eta bi saioetan eskualdeko bertsolariez osatutako Leioatik Leioara eta Karidadeko masokistak taldeek hartuko dute parte. Gaurko kanporaketetako talde irabazleek ere finalaurrekoetarako sailkapena lortuko dute.  Zorte on guztioi!

 

 

19:00etan Leioako Kazu tabernan hasita, bertsotan arituko dira Leioatik Leioara (Erlantz Pazos Ayo, Galder Bilbao Martinez, Jon Ortiz Larrucea, Peru Vidal Gurrutxaga, Inazio Vidal Gurrutxaga, Beñat Vidal Gurrutxaga, Tomas Lacarta Alvarez eta Xabier Sainz de la Maza Bilbao) eta Far Westeko bertsolariak (Aitor Arrutia Azkueta, Ander Ucelay Aristi, Asier Alcedo Cano, Idoia Anzorandia Kareaga, Ion Barrocal Besga, Jon Martinez Beaskoetxea eta Nahia Ruiz de Arbulo).

19:00etan baita ere, Gernika-Lumoko Harizpe txokoan kantuan izango dira Karidadeko masokistak (Aitor Fernández de Martikorena, Beñat López Arantzamendi, Germán Kortabarria Igartua, Josu Landeta Egurrola, Julen Ibañez Mugerza eta Pello Etxebarria Kerexeta) eta DuranGALDUEK (Ainhoa Urien Telletxe, Araitz Katarain Mugarza, Irune Basagoiti Agirre, Iruri Altzerreka Martinez eta Ixone Asategi Narbaiza).

Txapelketari buruzko informazio gehiago txapelketen atalean duzue ikusgai.

Argitaratze data: 2026-06-08
Argitaratze data: 2026-06-01

XILABA 2021: Donibane Lohizuneko finala

Xilaba2021 Amets

 

2021ko Xilaba Bertsulari Txapelketako finala azaroaren 13an jokatu da Donibane Lohizunen. 17:00etan, 1200 bertsozale bildu dira Jai Alain, Amets Arzallus AntiaMaddalen Arzallus AntiaMaddi Ane Txoperena IribarrenMiren Artetxe SarasolaOdei Barroso Gomila eta Patxi Iriart Hiribarren bertsolarien saioa ikusteko, XILABA txapelketaren azken fasean.

Buruz burukoan Miren Artetxe eta Amets Arzallus lehiatu dira, eta azkenean, 1012 punturekin, Amets Arzallus izan da 2021ko XILABAko txapelduna.

Hauxe da finalaren sailkapena:

  1. Amets Arzallus Antia 1012 puntu
  2. Miren Artetxe Sarazola 975 puntu
  3. Odei Barroso Gomila 605 puntu
  4. Maddalen Arzallus Antia 586,5 puntu
  5. Patxi Iriart Hiribarren 562,5 puntu
  6. Maddi Ane Txoperena Iribarren 561,5 puntu

Finalaren ostean, Miren Artetxe, Odei Barroso eta Maddalen Arzallus 2022. urteko Euskal Herriko Txapelketa Nagusirako sailkatu dira. Amets Arzallus eta Sustrai Colina sailkatuta daude dagoeneko.

Informazio gehiago Bertsozale Elkartearen webgunean.

Xilaba2021 Donibane

Bertsolariak

 
 

NOR GAREN

LAU LETRATXO izeneko bertsoak orobiltzen du ondoen gure eskolaren funtsa eta izaera:

Lau letratxo elkarren ondoan
akronimoa da, brabo!
eta atzean bertso-eskola bat…
Parkatu, askoz gehiago!
A, L, B eta ondoan E,
ALBE lez ezagunago,
bertsolari bik sortu zutena
gaur baino askoz lehenago.
Laurogeian sortu zuten eta
ez ote dugu arraro
hainbeste urtez iraun izana
bertsogintzaren abaro;
Sekretutxo bat badauka baina
irauteak aroz aro:

ALBEN AHOTSAK UGARI DAUDE
BIHOTZA BAKARRA DAGO!!!

Eskolak ematea

Transmisioa ALBEren helburu estrategiko nagusia dela esan genezake, erratzeko beldur handirik gabe. Bertsolariak sortu nahi ditugu, hitza arte bihurtuko duten bertsolari artistak, hain zuzen ere (35. urteurreneko leloak dioen moduan); eta horrek ondo koipeztutako makineria martxan jartzea eskatzen du, ezinbestean. Eskolatik bertsolari-eskolarako jauzia ematen laguntzeko hainbat irakasle eta laguntzaile ditugu. Eurak dira gure proiektuaren zutabe nagusietako bat. .

Ekitaldien antolaketa

Sustapenak ere garrantzi izugarria dauka gurean, bertsolariek inguru egokia behar baitute, beren dimentsio guztietan garatuko badira. Gure urteroko bertso-agenda ikaragarria da. 30 ekitaldi inguru, haietariko zenbait erreferente argiak direnak Euskal Herri mailan. Halandaze, bide beretik jarraitzeko borondate irmoa daukagu..

Ikerkuntza eta berrikuntza lanak

“Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu” dio esaera zaharrak. Eta horregatik gara gu atzera begiratzen honen zaleak: etorkizunean urrats sendoak eman nahi ditugulako! Une oro ari gara ALBEkideok pentsatzen zer ekitaldi berri sortu, kudeaketa zelan hobetu, emaitzak zelan ugaritu, jende gehiagorengana zelan heldu… Eta arlo horretan ez daukagu bide erdian gelditzeko ezertariko asmorik. Ez horixe!

Elkarlana

Zorionez, gure helburu anbiziotsuak betetzeko ahaleginean ez gaude bakarrik. Bidelagun ditugu erakundeak, elkarteak, eragileak, zaleak… Haiekin batera eta neurri handi batean haiei esker iritsi gara gauden tokiraino, eta haiekin batera jarraitu nahi dugu bidean aurrera. Mila esker guzti-guztioi bihotz-bihotzez!

Sustatzaileak: