Erandio Goikoako Gorpuzti jaiak ekainaren 8tik 11ra ospatuko dira. Larunbatean, ekainaren 10ean, ALBEk eta Jai batzordeak bertso saioa antolatu dute Goikolanda plazan. Kantuan Kerman Diaz, Paule Loizaga, Asier Alcedo eta Inazio Vidal izango ditugu, Iñaki Beitia Arbilduren gidaritzapean.
Ekainetik irailera Uribe Kostan egingo diren bertso ekitaldien berri bertsozaleei ematea da agenda honen helburua. Ikusiko duzuenez, lauhileko bete-betea dator, bertsoari dagokionez. Bat egin gurekin eta parte hartu bertsozaleon interes eta atseginerako prestatu ditugun ekimenetan. Gorde datak zuen egutegietan!
ALBEk 1999. urtean hasitako tradizioari jarraituz, Sustrai Colina eta Joanes Illarregi bertsolariak Algortako Portu Zaharreko balkoietatik kantuan izango ditugu ekainaren 16an. 21:30ean hasiko dira, bertsozaleen gozamenerako. Anima zaitezte!
Hilero bezala, ostegun honetan bertso gosea aseko dugu Azebarri kultur txokoan. Oraingo honetan, gaia ortzadarra izango da. Kolore guztietako bertsoak eta otordu gozo-gozoa, anima zaitezte eta etorri, errimatzaile asegaitzok!
Bizkaiko Eskolarteko Txapelketako kanporaketak jokatuta, puntu gehien batu dituzten zortzi bertsolariak sailkatu dira hurrengo fasera: June Diaz eta Maialen Lago ALBEkideak Kelmene Abaitua, Ixone Asategi, Enara Gallastegi, Aiala Irurtia, Naioa Jaio eta Haizea Telleria bertsolari gazteekin lehikatuko dira maiatzaren 27an Gernika-Lumoko Astran jokatuko den finalean.
Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea aurrera doa eta hiru saio baino ez dira falta. Maiatzaren 18an, ostegunean, Sopelan eta Aulestin jokatuko dira kanporaketa saio bana, 18:30ean. Sarrerak 3€ balio du eta bertsosarrerak.eus atarian eskura ditzakezu.