Argitaratze data: 2023/05/16

Heldu da ikastetxeetatik plazara salto egiteko eguna. Getxoko Zabala, Geroa, Gobela, San Nikolas, Andra Mari, Romo eta Zubileta ikastetxeetako bertsolaritza ikasleek bertso plaza erreala dastatuko dute lehen aldiz Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Maiatzaren 19an, goizeko 10:00etan, Sustrai Colina eta Naroa Torralba bertsolariak izango dituzte bidelagun, Nahikari Ayo irakaslearen gidaritzapean.

Atzo Bilboko Euskararen Etxean jokatu zen Bizkaiko bat-bateko eskolarteko txapelketaren bigarren kanporaketa. Andrea Bañuelos, June Diaz, Amaiur Galdos, Naia Martin, Maialen Lago, Goizane Saratxaga, Haizea Telleria eta Naia Ruiz De Arbulo bertsolari gazteek hartu zuten parte, eta June Diazek jaso zituen puntu gehien. Zorionak, June!

Argitaratze data: 2023/05/08

Getxoko Andra Mariko jaiak maiatzaren 11tik 15era iraungo dute, eta ikuskizun eta ekintza ezberdinez betetako egunak izango dira. Igandean, maiatzaren 14an, bertso saioa izango dugu, Arrate Illaro, Oier Aizpurua, Maialen Lago eta Kerman Diaz ALBEko bertsolariekin. Kiroldegiko aparkalekuan, 12:30ean. Aritz Landeta izango da gai-jartzailea. Anima zaitezte!

Ostegunean hasi zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Udabarria bertsotan sailkapen fasea. Durangon jokatutako saioa Unai Mendiburu ALBEko bertsolariak irabazi du 194,5 punturekin. Urdulizeko saioko irabazlea Aissa Intxausti izan da 203,5 punturekin. Zorionak bioi!  Hurrengo saioak maiatzaren 11n izango dira Diman eta Muxikan.

Argitaratze data: 2023/05/02
Argitaratze data: 2023/04/28