Argitaratze data: 2024/05/28

Plan ederra daukagu aurtengo ALBEgunerako: surf ikastaroa! Leioan eta Algortan autobusa hartu eta 10:00etan Sopelako hondartzan izango gara, plisti-plasta ibiltzeko prest. Ondoren, Sopelan bertso-triki-poteoa egingo dugu, eta bazkaldu 15:00etan Artadi garagardotegian. Bazkalostean, bertsoa nagusi.

Argitaratze data: 2024/05/24

Arrigorriagan jokatuko dira bihar Bizkaiko taldekakoaren finalaurrekoak eta finala. Arratsaldean zehar hiru finalaurreko jokatuko dira eta irabazleak gauean jokatuko den finalera sailkatuko dira. Arratsaldeko saioetan kantatuko duten taldeen artean, Uribe Kostako Pirata bertso-taldea egongo da. Ekin abordatzeari, eta lortu altxorra!

Argitaratze data: 2024/05/23

Igandean, maiatzaren 26an, Bizkaiko ikastolen jaia, IBILALDIA, ospatuko da Getxon. Egunean zehar hainbat ekintza eta ikuskizun egongo dira Algortako gune ezberdinetan: Ereagako hondartzan, Portu Zaharrean, San Nikolas plazan eta San Nikolas ikastolan. Azken gune honetan izango dira kantuan Inazio Vidal, June Diaz, Xabi Paya eta Jone Uria ALBEko bertsolariak, 15:00etan hasita. Hurbildu zaitezte zuek ere txonbo egitera!

Argitaratze data: 2024/05/22

Hogeitabost urte igaro dira Egañak eta Lizasok Algortako San Nikolas plazako balkoietatik kantatu zutenetik. Aurten, ekainaren 14an, 21:30ean, Maialen Lujanbio eta Etxahun Lekue bertsolariek kantatuko dute Algortako Portu Zaharreko Etxetxu plazako balkoietatik. Gonbidatuta zaudete bertso historia eder honen parte izatera!

Argitaratze data: 2024/05/09

Heldu da Getxoko bertsolaritza ikasleek plaza erreala dastatzeko eguna. Asteartean, maiatzak 14, goizeko 10:00etan, Eskolatik Plazara ekimenak Areetako Andres Isasi Musika Eskolan batuko ditu, non Miren Amuriza eta Peru Irastortza bertsolariak izango dituzten bidelagun, Nahikari Ayo irakaslearen gidaritzapean. 

Argitaratze data: 2024/05/08

Eguraldia epeltzen doa, uda laster izango dugu hemen, eta ALBEko bertsolariak eskualdeko hainbat plazatan izango ditugu kantari maiatzeko hilean: herriko jaietako saioak, txapelketak, bertso bazkaria, Eskolatik Plazara...