Argitaratze data: 2020/11/21

Euskaraldia euskararen herriko bazterrak oro astintzen ari den honetan, ALBEkook ere batu gara hitz polifonia horretara, euskara gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin egiteko aldarriarekin bat gatozelako. Bertsotan, askotan eta edozein txokotan gehitu geniezaioke lelo zoragarriari!
Eutsi horri!!!

Argitaratze data: 2020/11/11

Ostiralean, azaroaren 13an, klasikoa eta modernoa batuko dugu BIHOTZA GAZTE ekitaldian! Fadurako aretoan, 19:00etan hasita, bertsolari beteranoak eta gazteak izango ditugu kantari: Juan Mari Areitio, Xabier Arriaga "Txiplas", Eli Pagola eta Unai Mendiburu. Izen ematea zabalik dago!

Argitaratze data: 2020/11/02

Bertsoz betetako azaroa dugu hau: ALBEko bertsolariek plazarik plaza ibiliko dira mota guztietako jaialdi eta saioetan kantatzen: Kopla Barik, Ez da Kasualitatea, Bihotza Gazte eta gehiago!

Argitaratze data: 2020/10/22

Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa joan den larunbatean jokatu zen, urriaren 17an. Bat-bateakoaren finala Arrigorriagan izan zen, eta aurtengo idatzizko txapelketa online egin da. Urtero bezala, ALBEko bertsolari gazteek hainbat sari etxeratu dituzte. Zorionak guztioi!

Argitaratze data: 2020/10/20

Urrian hasita eta abendura arte, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bertso saio bereziak eskainiko ditu "Kopla Barik" zirkuituan. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratzea erabaki bada ere, udazken honetan ez da bertsorik faltako lau saio ezberdin hauekin. Bizkaiko Txapelketako bertsolariak izango dira parte hartzaileak eta, horien artean, hainbat ALBEkide ditugu!

Argitaratze data: 2020/10/15

Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketaren kanporaketa saioak amaituta, urriaren 17an, larunbata, jokatuko da aurtengo finala. Kanporaketa saioetako irabazleak eta puntu gehien lortu zituzten hurrengo 5 bertsolari gazteek hartuko dute parte finalean. Horien artean, ALBEko June Diaz!