Argitaratze data: 2021/06/01
23 urte joan dira ALBEk lehenengo Balkotik balkoira egin zuenetik, 1801eko Villabonako saioa gogoan. Aurtengoan, mugak muga, tradizio luzeari eutsiko diogu, baina ekitaldian zerua barik, Algortako Zabala ikastetxeko karpa izango dugu aterpe. Karpapea bertsoz janztea eta gure gogoa piztea Jone Uria eta Oihana Iguaran bertsolarien esku. Ekainaren 18an, ostiralean, bertan nahi zaituztegu. Eman izena tokiak amaitu orduko!
Argitaratze data: 2021/05/31

Ekia gainean eta bertsolariak plazan. Hala behar zuen eta hala izango da, egoerak egoera eta mugak muga. ALBEko bertsolariak han-hemengo plazetan izango dira kantari. Hurreratu saioetara bertsoz elikatzera, euskal harriak ez dezan goroldiorik bil. 

Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala Igorren jokatu zen maiatzaren 29an. Araitz Katarain, Ixone Asategi, Izaro Bilbao, Janire Arrizabalaga, Jokin Ansotegi, eta ALBEko June Diaz, Maialen Lago eta Peio Lago bertsolariak lehiatu ziren larunbatean. Buruz burukora Janire eta June sailkatu ziren, Euskal Herriko Eskolarteko finalean lehiatzeko txartela lortuz. Azkenean, Janire Arrizabalagak jantzi zuen txapela, puntu gehien irabazi ostean. 

Argitaratze data: 2021/05/21

Eskolatik Plazara  bertsolaritza ikasleak bertso mundura hurbiltzeko helburua duen saioa da. Aurten, COVID egoera dela eta, ohiko formatua aldatu dugu eta bertsolariak eskoletara eramango ditugu. Maiatzaren 24tik 27ra bitartean, June Diaz, Peio Lago, Jare Torralba, Oier Errementeria, Izaro Gaskon, Maialen Lago, Mikel Arrate eta Peru Irastorza ALBEko bertsolari gazteek saio bana eskeiniko dizkiete Getxoko ikastetxeetako bertsolaritza ikasleei.

Argitaratze data: 2021/05/19

Arabako binakako bertsolari txapelketako lehen edizioaren finala maiatzaren 22an jokatuko da, larunbatean, Legutioko kiroldegian. Bertan lehiatuko dira Martin Abarrategi eta Manex Agirre, Unai Anda eta Iñaki Viñaspre, eta Oihane Perea eta Manu Bendala bertsolari bikoteak.

Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketako finala maiatzaren 29an jokatuko da, Igorreko Lasarte aretoan. 11:30ean, zortzi finalistak hasiko dira lehian: Ander Sarriugarte, Araitz Katarain, Ixone Asategi, Izaro Bilbao, Janire Arrizabalaga, Jokin Ansotegi, eta ALBEko June Diaz eta Peio Lago. Sarrerak doakoak izango dira, baina aforo mugatua dela eta izena ematea ezinbestekoa izango da.