Argitaratze data: 2020/08/25

Igande honetan, abuztuaren 30ean, bertsotan arituko dira Iker Zubeldia, Alaia Martin, Julio Soto eta Inazio Vidal Erandioko udaletxeko plazan. Beñat Vidalek jarriko dizkie gaiak 18:00etan hasiko den saio honetan. Aforo mugatua dela eta, aurretik izena ematea ezinbestekoa izango da.

Argitaratze data: 2020/08/24
Bertso Saio Mundial berezia izango dugu aurten, fakzioz eta pertsonaia bereziz betea. Irailaren 2an, 19:30ean, hitzordua daukagu Muxikebarrin rol-jokalari bihurtutako bertsolariekin:  Jone Uria, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Andoni Egaña eta Jon Maia. ATOPIArekin elkarlanean, inoiz baino bereziagoa izango da aurtengo Jaialdia. Has dadila partida!

ATOPIA rol-joko euskalduna da, eta bertan, Lurraren bertsio alternatibo batean, Euskal Herrian konspirazio teoria guztiak fakzio bihurtu dira. Jokoari buruz gehiago jakiteko, hona hemen haien webgunea.
Aurten, bertso saioa rol-joko bihurtuko dugu, eta bertsolariak rol-jokalari. Jone Uria, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Andoni Egaña eta Jon Maia fakzio ezberdinetan egongo dira. Nork daki non bukatuko den partida!
 
Saioa Muxikebarri antzokian bertan ikusteko, ezinbestekoa izango da gonbidapena, eta dagoeneko eskuragarri daude (pertsonako 2) Erromoko eta Villamonteko Kultur etxeetan. 
 
Egunean bertan, 18:30ean irekiko da Muxikebarriko txarteldegia, soberan geratu diren gonbidapenak banatzeko. 
Argitaratze data: 2020/08/05

Aurten Erromoko jai ezberdinak ospatuko ditugu! Erromoko Jai Batzordeak onlineko ekitaldi eta ikuskizun ugari eskainiko ditu egunotan, baita bertso saioa ere!

Ostiral honetan Igor Elortza, Maddalen Arzallus, Odei Barroso eta Imanol Uria izango ditugu bertsotan pantailaren beste aldean, Peru Vidalen gidaritzapean. 

Argitaratze data: 2020/08/04

Gorlizko udalak kultura ekitaldiak eskainiko ditu dosi txikietan, "piluletan", abuztu osoan zehar. Ostiralean, abuztuaren 7an, bertso saioa izango dugu Sebastian Lizaso, Jon Maia, Paule Loizaga eta Unai Mendibururekin. Trikitaren laguntzaz Gorlizko gune batetik bestera ibiliko da publikoa, bertsolariek balkoitik balkoira kantatzen dutelarik. 

Argitaratze data: 2020/07/28

Aurtengo San Inazioetan ez da jairik antolatuko, baina ALBEren Bertso Maratoia ez da bertan behera geratuko!  Egun osoko egitaraua prestatu dugu: 13:00etan bertso saioarekin hasiko gara, 15:00etan bazkaria izango dugu Azebarrin eta, bazkalosteko bertsoen ostean, poteoan ibiliko gara Algortako tabernetatik.

San Inazio bereziak izango ditugu aurten, jairik gabeak, baina gure saioak mantentzeko lanean gabiltza eta bertsorik ez zaigu faltako!

Ostegunean, uztailaren 30ean, Txorimalo gaztetxean arituko dira bertsotan Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Aitor Sarriegi eta Kerman Diaz. Jon Amezagak jarriko dizkie gaiak. Anima zaitezte!