Xilabako lehen sailkatua: Hasta la 2toria!

Pasa den asteburuan, urriaren 5ean, HASTA LA 2TORIA eta KONTRABANDA taldeak aurrez aurre aritu ziren kantuan. Saio borobila izan zen, umorez betea baina gai serioagoak ere ukituz. Bi taldeak fin-fin ibili ziren arren, gauaren amaieran HASTA LA 2TORIA izendatu zuten garaile. Aurreko saioa ere irabazi zutenez, Taldekako Xilabako finalerdietara klasifikatu den lehen taldea da HASTA LA 2TORIA.

 

KONTRABANDA taldeko kideek, Josebiñe Agirre, Maddalen Arzallus, Maindi Murua eta Maialen Berrak, gogotsu hasi zuten saioa, txapelketan egitne zutne lehena izan baitzen. 

HASTA LA 2TORIA taldeak ez zituen kide guztiak bildu. Hodei Renteria eta Leire Laskarai egon ez baziren ere, Elixabet Etxandi, Lur Renteria eta Maddi Sarasuak ikuskizun bikaina eskaini zuten.

Aldudeko Alfaro ostatuan 19:00etan hasi zen saioa, bai eta ondo hasi ere! Lady Gagaren eta Spice Girlsen abestien doinura egin zituzten agurrak, mozorro, koreografia eta guzti! Bakarkako gaietan Elixabet Etxandi eta Maddalen Arzallus nabarmendu ziren, gai oso ezberdinak jorratuz. Zoritxar erromantikoa komedia bihurtuz barre alagarak sortu zituen Elixabetek, Maddalen 25 urtez kartzelan egon ostean baldintzapeko askatazunik ez lortzearen tragediaz aritu zen bitartean.  Biek ala biek txalo zaparrada jaso zuten.

Azkenean ere norbaitek irabazi behar eta epaimahaiak HASTA LA 2TORIA taldea izendatu zuen irabazle. KONTRABANDA taldeak finalerdietan klasifikatzeko aukera izango du urriaren 12ko saioan, EKAINAZ taldearen aurka irabazten badu.