Irudia eta mezua

Logoa 

- 1995ean, Zuriñe Asteasu diseinatzaile gasteiztarrak sortu zuen gure eskolaren hasierako logoa (betikoa), Elkarte egin ginen urtean, hain zuzen ere.

- 2000n, Aitor Zumalabe diseinatzaile bilbotarrak sortu zuen 20. urteurreneko logoa, Zuriñeren diseinuan oinarrituta.

- 2005ean, Aitor Zumalabe diseinatzaile bilbotarrak sortu zuen 25. urteurreneko logoa, Zuriñeren diseinuan oinarrituta.

- 2015ean, Itsaso Bartolome diseinatzaile getxoztarrak hartu du Zuriñeren eta Aitorren lekukoa eta 35. Urteurreneko logoa diseinatu.

   ALBEren 35. urteurreneko logo ofizialaren aurkezpenerako berbak

 

 

Abiatu 80an…

Luzaro bidean…

Bizia pausoa…

Etorkizuna oparoa!

ALBEk bete

35 urte.

ZORIONAK ALBE!

(Logoko irudiaren azalpena)

AL eta BE

pozik daude!

AL eta BE

aurrez aurre,

elkar musukatuz,

bertso-plaza sortuz;

plaza biribila

sortzeko bertsolari pila;

plaza biribila,

hasteko bertsoaren bila,

lantzeko gaitasun pila,

kantuan jartzeko isila,

lotsorra dadin espabila,

garatzeko bertsolari abila.

Helburuak mila,

baina nagusia

eskola baino gehiago den proiektu hau

luzaro eta osasuntsu bizi dadila!!!

 

BI MILA ETA HAMABOSTA

HANDIKIRO DEZAGUN OSPA!!!

 

 

Logo ofizialera heltzerako, Itsasok hainbat proba eta aldaera egin zituen aurretik. Haietariko batzuk kasuan kasuan erabiltzen ditugu. Hona hemen pare bat:

 

 

 

 

Leloa

- Hasierako logoan buru bi ikusten dira, bertsolari bi, gure eskolaren helburu nagusia aspalditxotik  bertsolariak sortzea baita; eta idazkun hauxe: Algortako Bertsolari Eskola, gure eskolaren izaera beti eskualde mailakoa izan bada ere, lehenbiziko pausoak Algortan eman baikenituen.

 

- 20. urteurreneko leloa hauxe izan zen:

Hogei urtean

zuen artean

Lelo horren bitartez eskolaren 20 urteko ibilbidea ekarri nahi zen gogora, beste barik. Baina leloarekin hitz-jokoa eginez, 2000. urtean 20 betso-ekitaldi antolatzeko erronka bota genion geure buruari: «Hogei urte, hogei ekitaldi!»

Baita gainditu ere, azkenean 25 egin baigenituen.

 

- 25. urteurreneko leloa hauxe izan zen:

Hogeita bost urte

bertsoa bitarte

Lelo horren bitartez azpimarratu nahi izan genuen denbora luzez aritu ginela bertsogintzan, beste barik.

 

- Aurtengo leloan, baina, haratago joaten ahalegindu gara, gure errealitatea ere hasierako helburu xumeetatik haratago joan delakoan. Hauxe da aurtengo leloa:

Hogeita hamabost urte

hitza bihurtzen arte

Lelo honen bidez beretsogintza –beste hainbat gauza ez eze: hitzaren jolasa, hitzaren jokoa, hitzaren kirol nazionala…–  artea ere badela gogorarazi nahi dugu, hitzaren artea, hain zuzen ere.

Eta ideia hori irudiz janzteko, Kandinskyren Inprovisation lanaz baliatzea otu zitzaigun; nor eta Kandinsky (mundu mailako artista ezaguna), zer eta Inprovisation, hau da, bertsogintzaren oinarri den bat-batekotasuna (webgune honen hondoan ere agertzen dira Kandinsky maisuaren pintzelkada alaiak).

Eta aurtengo logoaz ari garela, Itsaso Bartoloméren lana nabarmendu nahi dugu, diseinatzaile gazte horrek maisutasun ikaragarriaz fusionatu baititu hasierako logoa eta artearen ideia berri hori.

 

 

Egindako lanaren esker onez, hona hemen ALBEk Itsaso Bartolomé diseinatzaileari jarritako bertsoa:

 

Bertso berria, 

ALBEren 35. urteurreneko logoa diseinatu duen

Itsaso Bartoloméri jarria

Bertsolari-eskola

bat gara gu, noski;

ALBE dugu izena,

zelako lau hizki! 

Itsaso izendatu

dugunez «Kandinsky»,

haren lana dezagun

bihurtu abesti

eta lau haizetara

zabaldu oneski!