Historia


Uribe Kostako bertso-tradizioa


Uribe Kostako bertso-tradizioa ez zen hasi Algortako Bertsolari Eskolarekin. Esan daiteke ALBErekin birsortu egin zela, baina XX. mende hasieratik bertatik baziren bertsolari errimeak gure eskualdean: Luis Llona, Florentzio Zarraga Plantatxu, Pedro Kastresana Kastra, Asensio Bidaurrazaga Errotari, Patxo Abarrategi Pastore, Korbera, Bittor Bilbao Kaminero… Euren artean Asensio Bidaurrazaga getxoztarra izan zen txapelketetan-eta gehien nabarmendu zena. Garai hari buruzko informazio luze eta zabala Fredi Paiak 2013an argitaratutako Uribe Kostako bertsolaritza (1900-1980) liburuan dago. Argitalpen eder bezain mamitsu horren bitartez Fredik, aurretik Josu Landetak eta Joseba Santxok hasitako biltze-lanari taiuzko errematea eman zion.


Algortako Bertsolari Eskolaren sorrera


Gaur egun Algortako Bertsolari Eskola «ALBE» deritzoguna Andoni Iriondo Barrenetxea mendarotarrak eta Trino Azkoitia Azpitarte azkoitiarrak sortu zuten 1980an. Urte hartan Andonik eta Trinok Bilbon egin zuten topo, euskararen aldeko jaialdi batean, eta hantxe piztu zitzaien Algortan bertso-eskola bat sortzeko gogoa.


Sorreraren testuingurua


Elkar topatze hura eta halako ekimen bati ekiteko gogoa ulertzeko, baina, orduko giroan eta testuinguruan kokatu behar ditugu. Izan ere, garai hartan euskal giroa gorantz zihoan etengabe, baita euskaldun kopurua ere, eta euskaltzaleak sarri-sarri elkartzen ziren euskararen aldeko ekitaldietan. Gau-eskolak eta euskaltegiak ere indarrean zeuden. Orduko giro hark asko lagundu zion euskalgintzari, bai eta bertsolaritzari ere.


Bertsogintzaren aro berria


Bertsolaritza mailan ere, barrikuntza airea zetorren, batez ere Bizkaia aldean, Xabier Amurizaren eskutik. 1980ko urtarrilaren 6an Xabier Amurizak Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi zuen. Txapela jantzi berritan, ikastaro bat eman bide zuen Bilbon. Besteak beste, ideia iraultzaile bikoitza ekarri zuen Xabierrek bertso mundura: batetik, bertsoa tresna eraginkorra izan zitekeela euskara lantzeko eta euskaltzaletasuna zabaltzeko; eta bestetik, bertsolariak ez duela zertan bertsolari jaio, bertsotan ikasi ere egin daitekeela. Laster, ideia horiek bertso-eskola berriak sortzeko pizgarri eta akuilu bilakatuko ziren. Bertso-ikastaro hartan ibilitako batzuk euren inguru naturaletara itzuli eta bertso-eskolak sortzen hasi ziren. Halaxe sortu ziren, gure eskolaz gain, Santutxukoa eta Mungiakoa ere. Gure kasuan, Andoni Iriondo zena eta Trino Azkoitia izan ziren bertso-eskola berria sortzeko hazia Getxo udalerriko Algorta auzoan erein zutenak, 1980an bertan. Eurei zor diegu, beraz, orain daukagun guztia.


Lehenengo egoitza (1980-1982)


Andonik eta Trinok bertso-eskola bat sortzeko erabakia hartu bezain laster ekin zioten arloari. Lehenengo egoitza Algortako Zabala herri ikastetxeko ikasgela bat izan zen. Hantxe batzen ziren, Andoni eta Trino ez ezik, herriko beste euskaltzale eta bertsozale batzuk ere, kantu eta bertso zaharrak abestu eta ahal zuten moduan bertsotan elkarri zirikatzeko.
Hasierako eskola haiek formalismo gutxikoak izaten ziren: heldu eta kantatu, sarri gazta eta sagardoa lagun zituztela. Tarteka bertsogintzaren teknika ere azaltzen zuen Trinok –Urola aldeko bertsolariak–, bere estilo jator, lagunkoi eta adore-emailean.


Bigarren egoitza eta urrezko aroa (1983-1987)


Urte pare bat geroago, Algortako San Nikolas ikastolara aldatu zen taldea, Xabier Agirregomezkorta zenaren bitartekaritzari esker. Egoitza berrian eskolak formaltzen hasi ziren eta bertsotan egiteko teknika serioago lantzen hasi zen. Gela barruko lanketaren ostean, lanketa praktikoa izaten zen Algortako Isidro taberna enblematikoan. Orduko helburu nagusia bertsotan ikastea zen, baina bertsogintza ondo pasatzeko tresna moduan ulertuta. Euskaltegietatik-eta jende asko hurreratu zen orduan, bertso-eskolak euskararen irakaskuntzako ibilbide akademikoa amaitu ostean, euskara hutsez jarduteko aukera ematen zuelako. Sasoi hartan Joseba Santxo sartu zen eskolara, geroago eskolaren ardura hainbat urtez eramango zuena.
1982-1985 urte bitartea «Urrezko Aroa» legez definitzen dute ALBEko beteranoek, bertso-eskolaz gain, euskalgintza eta euskal giroa ere goraldian baitziren. Ikasle kopurua asko handitu zen eta beste irakasle baten beharrizana sortu zen: Mungiako Karlos Ibarzabal etorriko zen Trinori irakasle-lanean laguntzera. Hirurogei bat ikasle izateraino ere heldu zen orduko bertso-eskola. Hala ere, hurrengo urteetan taldea nahikoa murriztu zen, baina zorionez, euskaltegietatik-eta jende berria heldu zen.


Hazia zabaldu beharra (1988-1994)


Hurrengo planteamendu aldaketa 1988an etorri zen, orduantxe ohartu baikinen eskolaren lehenagoko dinamika nahiko motelduta zegoela. Bestetik, Trinok beti esaten zigun bertsolaritzaren ardatza, bertsoa barik bertsolaria bera dela, bertsoa sortzeko bertsolaria behar dela ezinbestez (hortik gure eskolaren egungo izena: Algortako Bertsolari Eskola). Eta ideia horretatik tiraka, bertsolari berrien bila hasi ginen, non eta euskaldunen mintegietan, ikastoletan alegia. Joseba Santxo hasi zen hedapen-lan horretan, lehenengo Algortako San Nikolas ikastolan, ondoren Sopelako Ander Deunan eta gero, Leioako Gobelan bertsolaritza-eskolak emanaz. Erantzuna itzela izan zen. Ume askok eman zuten izena eta, ahoz ahokoaren bidez, beste ikastola eta ikastetxe askotara zabaldu zen bertsolaritzaren arrakasta hura. Talde horietatik sortu ziren Fredi eta Xabi Paia bertsolariak, bai eta beste hainbat bertsozale kualifikatu ere: Miren Loizaga, Josu Arroyo, Goizalde Atxutegi, Peio Unzurrunzaga, Nahikari Aio, Jagoba Pereda… Gero, Iñaki Benito del Vallek eta Josu Landetak eman zioten segida Josebak hasitako irakaste-lanari. Gure asmoa, orduan, ikastetxeetako ikasletxo horiek egunen batean nagusien bertsolari-eskolara etorri eta bertsolari egitea zen. Zorionez, ondo irten zitzaigun orduan planteatutako estrategia.
Zailtasunik handiena, kontraesana badirudi ere, aldirik lasaienean sortu zen. Tentsio gutxiko aldi hartan (1990-1994) eskolako kide askok (bat-bateko taldeko nagusiak) eskolara joateari utzi zioten, arrazoi berezirik gabe. 1995ean Elkarte bihurtzeak eta bertso-ekitaldi kopurua asko handitzeak areagotu egin zuten gure presentzia Getxon eta Uribe Kostan, eta aurpegi berriak ekarri zituen nagusien eskolara. Bestetik, eragileen intermitentzia ere arazo izan ohi da militantzia oinarri duten gurea bezalako elkarteetan. Baina, batzuk joan besteak etorri, guk gutxieneko kopuruari eustea lortu genuen, eta gero ikastetxeetan ereindako hainbat hazi landare mardo eta eder bihurtuta itzuli ziren eskolara.


Egitura sendotu eta Elkarte bihurtu (1995-1999)


1995ean jauzi kualitatibo handia eman genuen: bertso-eskola legezko Kultur Elkarte bihurtu genuen, logo eta guzti (bertsolari-buru bien irudi ezaguna, Zuriñe Asteasu diseinatzaileak beren-beregi guretzat sortua). Garai hartan, bertsolariak sortzeko helburu nagusiaz gain, herrian eta eskualdean bertso kultura lantzea eta zabaltzea izan genuen zehar-helburu, sortuko ziren bertsolari berriek zaleria eta babesa beharko baitzituzten. Eta horretarako, makina bat ekitaldi antolatzen hasi ginen, herrietan eta auzoetan, udan eta neguan; era guztietakoak, gainera. Urte gutxiren buruan, urtean 20tik gora saio antolatzera iritsi ginen. Aldi hartan, berebiziko garrantzia hartu zuten erakundeekiko eta gainontzeko elkarteekiko harremanek. Eta hor azpimarratu behar dugu, batetik, Getxoko Udalarekin eta Kultur Etxearekin izandako lankidetza emankorra, eta bestetik, beste esparruetako kultur taldeekin izandako konplizitatea.


ALBEren aro berria (2000tik gaur arte)


2000. urtean ALBEk 20 urte bete zituen, eta urteurrena polito ospatu genuen: 20 urtean zuen artean izan zen urteurrenaren leloa. Ordutik aurrera, erabat finkatuta utzi genituen eskolaren oinarriak: transmisioa, sustapena eta ikerkuntza. Hiru arlootan hazi ginen eta dagoeneko emaitza on asko lortu dugu hiruretan: gaur egun ALBEko zenbait bertsolari dabiltza Bizkai eta Euskal Herri mailan, bai eta beste hainbat eskualde mailan (30 bertsolari inguru), eta Uribe Kostako ikastetxeetan 1000tik gora ikasle dabiltza bertsolaritza lantzen; ekitaldi asko antolatzen ditugu urtean zehar (30 ekitaldi inguru), eta prozesuak aztertzen jarraitzen dugu, barnekoak zein kanpokoak, gure baliabideak optimizatu, eta bertsolaritzaren egungo garaira egokitze alde. Hortik gora, ekintza osagarri asko egiten ditugu, kanporako zein barrurako, ekitaldi nagusien osagarri: Olentzerotan, Santa Eskean, ALBE eguna, irakaskuntza alorrean, herrigintzako ganerako taldeekin… Komunikazio arloari ere garrantzi handia ematen diogu: kartelgintza, gure berri prentsa lokalean zein nazionalean, zabalkunde digitala, sare sozialak…
20. urteurrenari 25.ak jarraitu zion; eta gero 35.ak… eta horietan ere, lehengo lepotik burua! Hori bai, bilakaera horretan guztian, belaunaldi gazteak joan dira inplikatzen, eta gaur egun, zorionez, zuzendaritza talde gaztea dago Trino Azkoitia sortzaile eta irakasle historikoak presiditzen duen bertsolaritza-eskola honetan.
Eskola sortu zenetik, gauza asko aldatu dira (gehienak onerako), baina gauza bat ez da aldatu: bertsogintzan buru-bihotz jarduteko, bertsolaritzaz gozatzeko eta bertsoen bitartez ingurukoei gozarazteko gogoan. Horretan bat gatoz ALBEkide guztiok, Lau letratxo gure bertso estandarteak dioen moduan:


LAU LETRATXO


Lau letratxo elkarren ondoan…
akronimoa da, brabo!
Eta atzean bertso-eskola bat…
parkatu, askoz gehiago!
A, L, B eta ondoan E,
ALBE lez ezagunago,
bertsozale bik sortu zutena
gaur baino askoz lehenago.
Laurogeian sortu zuten eta
ez ote dugu arraro
hainbeste urtez iraun izana
bertsogintzaren abaro.
Sekretutxo bat badauka, baina,
irauteak aroz aro:
ALBEn ahotsak ugari daude,
bihotza bakarra dago!