BERTSO AFARI ITZELA ITURRIAGA ETA SOTOREN ESKUTIK

2017ko maiatzaren 5ean, Mexiko izan genuen bisitari berezi Algortako Ekin tabernan bildu ginen bertsozale guztiok. Eguna iluntzen hastearekin batera hasi ziren agertzen lehenengo pontxo, txirikorda zein kapela mexikarrak, pixkanaka-pixkanaka giroa berotuz. Eta bertso-afari mexikar bat girotzeko, zer hoberik bertatik ekarritako musikari zoragarri batzuk baino? Mariatxien rantxerak, inguruko apaingarriak, temperatura altua… momentu batez denok sinistu genuen Tijuanan geundela! Sentsazio hori areagotu zen natxoz beteriko platerak mahaietara heldu zirenean, luxuzko afari bati hasiera emanez. 

Ondoren zetorkiguna ere ez zen makalagoa izango. Bazkalosteko kafea lasai hartu ondoren helduko zen gaueko protagonisten ordua. Unai Iturriaga eta Julio Soto. Bertso-afari berezi batek gonbidatu bereziak eskatzen ditu. Itxaso Payaren gidaritza paregabean ederto heldu zioten saioari, publikoarekin azkar konektatuz eta umoreari tarte handia eskainiz. Gaiak, onak eta oso mamitsuak. Mexikori buruzkoak den-denak: Trump eta hesia, Mayak, Frida Kahlo, Narko-korridoak… denetarik egin behar izan zuen gure bikoteak, eta ale gogoangarriak utzi zizkiguten. Bukaerarako, azken trukoa. Korista eta guzti, durangarra eta gorritiarra Mexiko ber-bertako doinu batean animatu ziren (KERREKE!) eta ariketa honetan ere barre algarak ez ziren falta izan. Pena pixka batez entzun genuen azken agurretarako abisua, baina ederto pasa genuenaren sentsazio goxoarekin. Lo pasamos padrisimo! Festarako gogoak nabarmenak ziren, eta gaua ez genuen Ekinen bukatuko. Kapelek ez zuten gure burutik horren azkar alde egingo. Horrenbestez, gora gu eta VIVA MEXIKO, KABRONES!

 

Argazkiak eta bideoak: http://www.albe.eus/tematikoa-argazki-galeria-urteka/2017