Ekainaren 16ko Balkoitik balkoira saio bereziak eman zion hasiera Uribe-kostako udako bertso-denboraldiari.
Saioaren hasiera gaueko hamarretarako iragarrita bazegoen ere, eguraldia aprobetxatuz jende andana bertaratu zen ordua iritsi baino dexente lehenago Arrantzale plazara; tabernetako terrazetan eseri eta trago batekin ordua noiz iritsiko zain.
Saioak, beraz, giro ederrean izan zuen hasiera. Bertsolariak ere, plazak eskatzen zuen neurrira, erritmo itzelean ibili ziren. Alaia Martini lehenengo zatian Antoniaren balkoi mitikotik kantatzea egokitu zitzaion eta Imanol Uriari, berriz, plazan muntatutako balkoian, publikoaren beroa nabaritzen den tokian, alegia. Lehen zati horretan, besteak beste, lan kontuei buruz aritu ziren Imanol eta Alaia; umore ale ederrak utziz, baina baita kritika zorrotzak eginez ere. Gehiago luzatu gabe, horrelaxe eman zioten amaiera bi protagonistek gau magiko haren lehen zatiari.
Guztiz merezitako deskantsu txiki baten ostean bueltatu ziren Imanol eta Alaia haien beharretara. Kasu honetan Imanolek kantatu zuen Antoniaren etxeko balkoian eta Alaiak plazakoan. Bigarren zatian, giroarekin batera saioak gora egin zuen eta kontu gutxi geratu ziren aipatu gabe. Hasteko, Getxoko Tosu landan gertatzen ari den injustizia nabarmendu eta salatu zuten plazako jendearen babesean eta txalo zaparrada artean. Bertso itzelak joan ziren gai horren inguruan eta Alaiak azken puntu eder batekin laburbildu zuen gaur egungo arazo nagusienetako bat:
Batzuek lurra dagon lekuan
dirua ikusten dute.
Espainiako zein Euskal herriko gatazka politikoaz ere ibili ziren kantuan eta gai horretan Imanolek biribildu zuen saioa azken puntu itzel baten bidez:
Alde bat doa aurrera baina
beste aldea geldi dago.
Bota zuen algortarrak, espainiako gobernuaren aurrerapausu ezari erreferentzia eginez.
Saioak aurrera egin ahala, umoreak eta tenperaturak gora egin zuten eta, beraien izen-abizenekin barrez ibili ondoren, ikusle artera jeisteko erabakia hartu zuten. Jende artean eztanda egin zuen saioak. Lehendabizi Imanolen gurasoekin egin zuten topo, ondoren Titaniceko eszena mitikoa irudikatzen zuen bikote baten inguruan aritu ziren... Eta azkenik, saioak merezitako bukaera eduki zezan, balkoi berera igo ziren biak, bertatik enmarkatzeko moduko hiruna habanera kantatu zituzten eta jendeak txalo zaparrada luze batez eskertu zuen Imanol Uriak eta Alaia Martinek egindako lan zoragarria.
Biribila izan zen saioa, beraz: eguraldi ona, bertso-saio itzela, umorea...
Espero dugu hurrengo urtekoa ere horrelakoa izatea eta, bien bitartean, urte osoko bertso-agendaz gozatu dezagun!