GAZTEAK JO ETA SU, EGUZKIAREN FESTAN!

Urteetan zehar egin izan dugun moduan, aurten ere, 2017an, ez zen bertsorik falta izan Algortako sanjuanadan. Arratsaldeko zortziak aldera, eta sua oraindik piztu gabe zegoelarik, hasi ziren kantuan ALBEko gazteak, Paule Loizaga, Unai Mendiburu, Kerman Diaz, Irene Ezkurra, Naroa Torralba eta Maddalen Ruesgas, Joseba Santxo gidari zutelarik.

Plaza mukuru zegoen, eta hurreratu ziren haur, gazte zein helduek eskolako lore gazteen bertso saio biziaz gozatu ahal izan zuten. Ordu beteko saioak iraun zuen tartean, publikoak, bertsoez gozatzeaz gain, parte hartzeko aukera ere izan zuen, Josebak bertsolarien arteko lehiaketatxo bat antolatu baitzuen, entzuleok epaile ginelarik. Saioa bukatu orduko sua pizteari ekin zioten, eta suaren berotan kantatu zuten azken agurra bertsolariek, San Juan bezperan izaten den magia giroa borobiltzeko.

Aurten ere, ALBEko gazteen bertsoek diz-diz egin zuten udaburuko eguzkiaren festa handian.