Iratzargailu-hotsa. Kanpoan egun-argia. Eguzki amandrearen jaiaren biharamuna. Nagiak atera eta martxan. Urduliz helmuga. Baina ez helburu. Familiaren eguna. ALBE sendiarena. Batasuna helburu. Bertsoa lokarri. LAU LETRATXO izpiritua!
Joseba Argiarro kapitan pilotu. Lehenengo geralekua Beñat Enean. Handik Txopoetara. Vidaldar seniorra eta benjamina. Erromo. Algorta. Andra Mari. Sopela. Jendea urduriz. Santa Marinako haitzak ez dira zortzimilakoen zerrendan ageri. Baina igo egin behar dira. Behar da. Hiruretarik garaiena. Erdikoa. Izerdikoa. Hitzerdikoa. Mekauen… Hasikera samurra. Bidea geroago eta estuago. Taldea mehaztu da. Zuhurrenak kanpamentu basean. Basahuntzak gorantz. Tropela bien bitartean. Iñigo arrisku lanean maisu. Argazkirik onenak berarenak, argazkiak ateratzen. Aldatza latza. Igoa pikoa. Falta dena, harkaitza dena. Gailurrera lau txakurren. Tontorra hurren. Ikurrina. ALBE osoa metro koadro batean. Betean. Botean. Argazkia eta behera. Gutxi gorabehera. Ez denak batera. Baina denok pentsamendu bera: taberna. Arindu berna. Aldazbehera hanka-hotsean. Atsegina hitzean. AUTOBUSA! Irribarrea eta pausa.
Erandioko Josebaren bolantetik Txiberrira. Tragoa eskatu eta beheko pilotalekura. Pilotakadak zenbat-gura. Gustura. Dilema erreza: bertsoa edo zerbeza. Edo biak. Bertsotan kanpora jaurtiak. Partidu erdian espontaneoa: Julen Kamiruaga Madariaga. Bertso bat. Bigarrena. ALBE aupatzen ez da, ba, hasi. Gero kantuan. Azpillaga gogoan. Eta Amuriza. Zertarako prisa? Despedida hunkigarria. Klasikoen aldarria.
Urdaileko harrak dantzan. Autobusean balantzan. Baietz baserrira sartu! Joseba tematu. Zazpi maniobra. Gogoa sobra. Lekua falta. Postean talka. Bego bakea.
Kanpoan txakolina. Janaurreko fina. Barruan zita. Mahaia jantzita. Okela usaina. Asebetetzeko aina. Baina. Jan egin behar. Mahaian jesar. Alboko mahaian aski belar. Jan eta jan. Txuleta sartu ahoan. Postrea ere bai. Baina ez azkenburuko. Azkenburuko kantua. Edo bertsoak. Ez, kantua. Doinu txapelketa. Txikian. Luze. Luzeago. Luzeegi. Txapeldun larregi. Amore eman gura ez. Nekez. Beste bat bota baietz!
Ito orduko kanpora. Atzeko solora. Solora barik, zelaira. Jaira eta gaira. Miren agintari. Baita bertsotan ari. Panzer. Eta zer? Gaiak banatu. Bazter guztiak koplatu. Denok ondo, bat sublime. Inazio segidillan errime. Gogoangarri. Beste bi goren. Jone eta Arrate nor nor den. Ezin hobeto. Konpleto. Baserriko txerifaren bisita. Sagardoa ekarrita. Ameto. Hitza eman genuen dena edateko. Eta segi. Eta segi. Zenbat ez galdetu neri. Bertso? Trago? Bietatik nor baino nor gehiago.
Txispatuta, argazki moment. Bertako ugazaba kontent. Letrak gora. Argazkilaria zora. Gero barrura. Nagusiaren kontura. Kupelartekoa itzela. Beti balitz horrela! Ikurrina dantzan. Errematea behar zan!
Ordaindu eta akabo. Autobusean gehiago. Ez dira amaitu gaiak. Leioan San Juan jaiak. Hori horrela dela, Leioan espuela! Hortik gorakoa, isilpean geratzekoa. Han izan zinen, ezta? Ba, gozatu letra festa. Eta zu ez zinen etorri? Ba hurrengoan korri, korri… eta ahal bada lagunak igorri!