BERTSOLARI GAZTEAK BERTSO OLATUEN GANDORREAN

ABRAko golkoak ere nabaritu zuen mikro eta mahai bueltan sortu zen giro ederra. Otsailaren 17an jokatu zen bertsolari gazteen XVI. Abra Saria. Aurtengoa leku berezi batean,  Ereagan dagoen La Ola jatetxean, hondartzaren gainean eta itsasoaren parean. Bertsozalez mukuru bete zen gela, bertso artean igeri egin eta bustitzeko asmoz. Hala, urtero legez, arratsalde-iluntze pasa eder batez gozatzeko aukera izan zuen bakoitzak.

Aurten ere afari zoragarria dastatzeko aukera izan genuen eta kafea hartu ostean ekin zioten 6 bertsolariek lanari, Beñat Vidal gai-emailearen gidaritzapean. Unai Mendiburu, Txaber Altube, Ane Beloki, Maider Arregi, Joanes Illarregi eta Peru Abarrategi aritu ziren mikro aurrean kantari.

Lehen ariketatik azkenengora ale ederrak utzi zituzten seiek eta publikoak bertsoaldi bakoitzean olatu egiteko gogoa zeukala erakutsi zuen. Agurrak eta gero, 8ko handian indartsu hasi zen saioa. Joanesek eta Peruk borobildu zuten ofizioa ondoen, horien begirale izandako bat sexu abusuengatik salatu izanaren egoeratik. Bigarren ariketa ere, 8ko txikikoa, erritmo onean eta bertso politak utziz joan zen. Denetarik egon zen, euskaldun berri bertsozaletik, argia aurrezten zebiltzan gazte pisukideetara. Bi ofizioen ondoren, puntu erantzunen txanda izan zen eta, ordura arte bezala, maila handia erakutsi zuten denek. Hala ere, azken ariketan, koplaka, ikusi ziren bertsoaldi osoenak. Ertzain gaztetxeroek, bertsolari eta estilistak, eta youtuber hasi berriek, denek asmatu zuten eurenean eta giro atsegina sortu zen gelan, Aritz Landeta eta bere eskusoinuaren doinuak lagundurik.

Azkenerako, Beñatek buruz burukora pasa zirenen izenak esan eta entzuleek merezitako txalo zaparradarekin hartu zituzten bi bertsolariak; Joanes eta Maider. Eta hauek ez zieten hutsik egin, saioaren neurriko bertsoaldi distiratsuekin amaiera ezin hobea eman baitzioten sariketari.  6ko motzean aritu ziren kantuan lehenik, Euskal Herriko kale artean galdurik zihoazen Korrikako furgoneta gidarien paperetik.

Ondoren, kartzelako lanari ekin zioten bertsolariek. Urtero bezala, publikoari sentsazio bat sentiaraztea izan zen horien lehen eginbeharra. Aurtengoa: «hotzikara». Joanesek bere lagun handi baten heriotzaz jardun zuen eta egia esanda, paretei ere oilo ipurdia jarri zitzaien… «Lagun onenak ginen gainera, nere ustetan betiko/[...]/ bere buruai tiro bat eman zion atzo eta kito / bart arratsaldez ikusi nuen, ta ez dut gehio ikusiko». Sentitutako hotzikara, txalo beroz estali zuten entzuleek.
Horren ostean, bakarka aritzeko gaia jarri zieten: «Egunero legez, ispiluaren aurrean jarri zara; ikusten duzuna ez zaizu gustatzen». Biek gizen sentitzen den pertsona baten ahotsetik abestu zuten. Maiderrek, gizarteak duen jarrerari kritika eginez, arazoari aurre egiteko asmoarekin  bukatu zuen ariketa: «Ta ez dudanez nahi berriz ere, nere burua egurtu / edo laguntza eska dezaket, edo ispiluak apurtu».

Bai buruz burukoan, baita saio osoan zehar ere, sekulako mailaz gozatzeko parada izan zuen La Olara hurreratu zen orok. Horren adibide argi izan zen sailkapena: azkenean, Maider oñatiarrak jantzi zuen txapela, Joanes leitzarrak baino puntu erdi gehiago aterata soilik. Hurrengo lauren artean ere oso puntu eskaseko aldea egon zen, tartean berdinketa bat.

Datorren urtean, berriz ere, bertsoaz jostatzeko tartea izango du Abrako golkoak.