GETXOKO LURRAK BASOKO ADAR-MAKILEZ IRATZARRIZ

Oles ta oles oletan,
nor dabil ordu honetan?
Bertsozaleok alkar hartuta
baztarrak inkomodetan.

Zezeilan laugarrenean,
ohituraren afanean,
elkartu gara Getxoko lurrak
iratzartzeko planean.

 

 

Bederatziak inguru,
makilak adinbat buru,
Lauaxetako euskaltegian
pozik elkartu gara gu.

Ikastola atarian
eta landen komerian,
lehenengo koplak kantatu dira
hormigoi-hondamendian.

Gero Fadurara sartu,
Eta kantatzen ausartu,
ugertokiko arrainak ere
koplaka dira itzartu.

Musikarien algara,
soinuz, txirulaz, tra-la-ra,
biribilketan zuzendu gara
denok baserrietara.

Aurren Mentxaka andrea,
historiaren jabea,
denok ikusi dugu hizketan
berak duen adorea.

Jeuri-barriraino artez,
ataria ondo betez,
Juan Antonio aurrean dela
kanta dugu gogo betez.

Zizka-mizkaren beharra,
Txerriki, ardo... edarra!
ikusi dugu baserritarrek
izaten duten indarra.

Ta Maruritarrenera,
goiza badoa aurrera,
etxeko denak elkartu dira
gu koplaka entzutera.

Bide akabera bada,
Joan beharko bertara,
Goiz honetako azken bisita
izan dugu Kukullaga.

Gosearen aitzakia,
jateko erabakia,
ba, «Gure Toki»n topatu dugu
jateko gure tokia.

Bazkalosteko ilada,
Elexaldeko aldaba,
gure bidea segitzekotan
zuzendu gara Bentara.

Dena ez doa debalde,
euria sano goi ta behe,
arratsaldean eguraldia
ez dugu izango alde.

Aldatzetan tipi-tapa,
kantua eta kalaka,
etxeko atean irribarretsu
Getxo aldeko Mentxaka.

Goienetxeako marra,
euria da barra-barra,
goraino ere iristeko guk
atera dugu indarra.

Artolaren galeria,
gu sukalderaino ia,
eta barruan sortua dugu
soinuaz erromeria.

Gero toki berezia,
Iberrera ihesia,
gure kantua Felix Garairi
diogu-ta ikasia.

Martiturriko estrata,
gure hurrengo etapa,
bertako lurrak biziberritu
ditugu hantxe koplaka.

Gero Basalbo barrura,
aterperaino ingura,
jan-edana hor atera dute
kopla batzuen kontura.

Iturregitarrenera,
ama-semeak atera,
zinez eskertu egin digute
gaurko gure etorrera.

Tosura makil-dardara,
sartu gara etxolara,
hainbeste buelta kantuan eta
koplaka berotu gara.

Gero, Algorta aldera,
hormigoia esnatzera,
zerbait afaldu eta kantuan
gaua ondo amaitzera.

Gaua nola den bukatu...
dena ezin da kontatu!
Hurrengo urtean etorri eta
ALBEkookin kantatu!