2017 urteari, hasiera ezin hobea eman ahal izan genion Albekide askok! Izan ere, Urtarrilaren 3tik 5era bitartean, orain bi urte egin genuen bezala, Elgoibarko Aubixa Aterpetxera joan ginen eskolaren parte garen 44 ume eta gazte. Ikasturte hasieran, ume eta gazte guztien familiei jakinarazi zitzaien bezala, aurten nahiz eta ez garen denok Aldai Patronatuan ibiliko kantuan, denok ALBEkide garen aldetik, bertso talde ezberdinen arteko harremanak sortu eta estutu nahi genituen. Adin, ikastetxe ezberdinetan arituko bagara ere, denok bat garela sentitu eta sentiarazi nahi genuelako. Eta halaxe izan zen.
Aubixara guraso eta begiraleon autoetan joan ginen, eta bertara heldu bezain pronto, ezagutza jolas batzuk egin genituen. Askok aurretik ezagutzen genuen elkar, egia da, baina beste askok ez, eta esan beharra dago lehen unetik giro paregabea eta talde izaera ederra sortu genuela.
Hiru egunak hasieratik amaierara aprobetxatu genituen. Besteak beste, lehen egunean futbol zelaiari atera genion etekin gehien, eta arratsaldean gaubelan egiteko antzerki laburrak prestatu genituen talde txikitan (antzerki itzelak, portzierto!). Horrez gain, gaubela amaierarako begiraleok gazteenentzako “beldur gau” bat prestatu genuen, baita ederto prestatu ere!!!
Bigarren egunean, ekintza berezi bat izan genuen goizean: 3 ALBEkideren arteko apustua! Peruk, Imanolek eta Kermanek, Elgoibarretik Aubixara dagoen aldapa (6 km-ko aldapa) igo behar zuten bizikletan, eta gainontzekoak aterpean geratu ginen heltzen zirenerako pankartak eta sariak egiten. Arratsaldean, berriz, Arratera igo ginen. Eskolako musikariek girotu zuten irteera, eta dantza eta dantza artean, aterpetxeko jabea den Maritxuk Txitxiburduntzi eder bat prestatu zigun mendian bertan. Antzinako ohitura ei dela eta, hura gozatzeko aukera eman zigun. Eta eguna berezia izan bazen, egun amaiera ere ez zen hala moduzkoa izan… Gauean bertso-afaria izan baikenuen! Jone Uria eta Fredi Paia izan genituen kantuan, eta eskolakoak izanik, gertukotasun osoz kantatu zuten bai librean eta baita Arratetik bueltan gaztetxoek prestatutako gai eta ariketa bereziekin ere. Xabi Paia ere bisitan izan zenez gero, hura entzuteko aukera ere izan genuen, eta esan bezala, denok gozatzeko moduko saioa egin zuten Elgoibarko mendi magalean.
Azken eguna iritsi, eta nekea nabari bazen ere, pena ere soma zitekeen gure artean. Hala ere, mendiko botak jantzi eta San Pedrora igo ginen azken txango bat egitera. Bertako elizako frontoian esku-pilotan zein ezkutaketan ibili ginen, eta jaitsi aurretik hain modako den Mannequin Challenge bat egin genuen, itzela!
Aterpetxera bueltatu ginenerako, eskolakideen gurasoak bertan zeuden gure zain. Izan ere, den-denak gonbidatu genituen azken bazkaria gurekin batera goza zezaten! Eta nola ez, bazkaria aurreko egunetakoa bezain on eta oparoa izan zen, gure Maritxuri esker. Bazkalostea ere, errepikatzeko modukoa izan zen, kantuan eta bertsotan ibili baikinen denok, hasiberrienek ere beraien aletxoa jarriz. Ondoren, Aubixa agurtu, elkarri laster arte esan, eta egonaldiari amaiera eman genion!
Aipatzekoak dira bertan elkar ezagutzen ez zutenen artean eraiki diren harreman onak, eta 3 egunetan zehar izan dugun lagun giro ederra. Zalantzarik gabe, urtero-urtero egiteko moduko egonaldia da hau, urtean zehar egingo ditugun beste hainbat ekintzaz gain, noski! Honi jarraipena eman beharra diogu!