BERTSOAK OPARI AREETAKO OLENTZERO JAIAN

Urteak dira Areetako Olentzero jaian ez dela bertsorik falta. Urterik urte, gure bertso-eskolatik pasa diren hainbat belaunalditako gaztetxoek aukera ederra izan dute jendaurrean abesteko; baita Areetakoek, zein bertara hurreratu izan direnek, gaztetxoen bertsoekin gozatetzekoa ere.

 

 

 

2016koa, beraz, ez da salbuespena izan, eta saio aparta eskaini zuten ALBEko gaztetxo eta gazteek. Saioari hasiera emateko, bat-batean hasi berriak diren taldeetako lagunak igo ziren oholtzara. Haizea, Jare, Oihan eta Mikel izan ziren protagonista; bakoitzak bere bertsoa bota zuen, bertaratuei gabon zoriontsuak opatuz, eta bertso-eskolan lantzen ari direnaren erakusgarri.

Hauen ostean, bat-bateko bertsogintzan eskarmentu pixka bat gehiago daukatenen txanda heldu zen. Kerman, Paule, Unai, Aritz, Irene eta Naroa oholtzaratu ziren, eta seikotearen gidari, gai-jartzaile lanetan, bertso-eskolan irakasle duten Beñat. Ordu erdi inguruko saio bizia eskaini zuten. Gabonen inguruko gaiekin, ez zen txantxarako eta umorerako tarterik falta izan.

Plaza bete jende izaten da Berantzagi Dantza Taldeak antolatutako Eguberri bezperako jai ederrean. Ez dira denak bertsoei adi egoten direnak, baina ez ziren gutxi izan bertsolariei jotako txaloak. Dantzaz eta musikaz alaituta, goiz-eguerdi ederra gelditu zen. Azokako postuetan egon zen zer ikusi eta zer erosi, eta umeek ere, aspertzeko betarik ez beraientzako beren beregi antolatutako tailerrekin.

Hurrengo Gabonetan ere, bertan izango gara!