URREZKO EKITALDIA AHOBI BERRIAREN AURKEZPENEAN

Inflexio puntu bat izan zen 2015eko Albe gala. Asko eta asko su artifizialen anekdotarekin geratu bazen ere, ez zen urteurren ospakizun hutsa izan, ezta hurrik eman ere. Baina aldez aurretik hala erabakita, urteroko galetan ohikoak ziren Ahobi sariak eta Balendin Enbeita bertso paper sariketa ez ziren presente izan. Eta inflexio puntu horren ondoren iritsi da 2016ko Albe gala. Betiko dotorezia eta egiturari eutsiagatik aldaketa handi batekin etorri dena: URREZKO AHOBIA.

Ordura arte Ahobi sariak banatu izan ditugu, eta ez nolanahiko kuadrilari: izan musika eta bertsoa uztartu dituztenei, izan zinegileei, bertso eskola osatzen duten familiei... Asko banatu ditugu, eta jakinagatik oraindik badirela Ahobiren bat merezi duten hainbat eta hainbat, aldaketa egitea hautatu genuen. Aurrerantzean Ahobi bakarra izango da Albe galako sari, Urrezko Ahobia, eta bertsolari bati emango zaio, bere ibilbideagatik eta gure eskolarekin izandako harremanaren esker on eta errekonozimendu gisa. Eta zein egokiago lehenengo Urrezko Ahobia jasotzeko Gregorio Larrañaga, Mañukorta baino? Plazagizon umila, prestua, Algortan eta bereziki Portu Zaharrean sarritan kantatua, txiste kontalari ona eta bertsolari paregabea. Pozarren jaso zuen gure gonbidapena, eta hala geunden gu ere onartu zigulako.

Jolastoki jatetxean besozabalik hartu gintuzten, ezin jarrera prestuagoa azalduz. Bertsoa gutxitan iritsi ohi den lekura eraman genuen, eta ederki egokitu zitzaion bertsoa lekuari eta lekua bertsoari. Roberto Etxebarria trikitilari ezagunaren artista familiak kantu goxoz eman zion hasiera ekitaldiari. Urtero bezala urteko argazkien errepasoa egin ondoren, bertso saioari ekin genion. Andoni Egaña gai jartzaile lanetan, bertsotan etorri ohi denean bezain langile eta fin. Hiru ordu laurdenez kantuan jarri zituen Amets Arzallus, Iratxe Ibarra, Oihana Iguaran eta Fredi Paia. Ezin hobeto erantzun zioten laurek Andonik jarritako ariketa bakoitzari, eta ez ziren bereziki samurrak izan!

Ondoren saria banatzeko unea iritsi zen. Mañuk gure eskualdean egin izan dituen saio batzuetako argazki bildumarekin girotu eta gure eskolako lehendakari Trino Azkoitiak eman zion ohore handiz Mañukortari gure oroigarria. Esker oneko hiru bertso eder entzun genituen haren ahotik Ahobia eskutan zuela, ezin zitzaion bukaera dotoreagorik eman ekitaldiari.

Jendaurreko lanak amaituta, pikoteoan eta tertulian aritzeko tartea ere izan genuen, jakina. Gonbidatuak elkarrekin goxo hizketan, eta gu, iritzi bila. Inflexio puntuaren ondorengo gala neurri-neurrikoa izan eta primeran atera zela entzuteak are urrezkoago bihurtu zuen gaua.