ALBEren urteko bertso-agendan klasiko ezaguna dugu BIHOTZA GAZTE ekitaldia, aspaldi abiatu baitzen bertsolari beteranoen bertsokeraz ikastea eta gozatzea helburu duen ekimena. Hainbat eta hainbat bertsolari zaildu eta eskarmentu handiko igaro dira BIHOTZA GAZTEren oholtzatik, eta aurton bikote berezia zegoen iragarrita: Anjel Mari Peñagarikano eta Millan Telleria. Albizturdarrak biak, adiskide mamiak eta betiko bertso-lagunak. Gauza asko zuten amankomun eta horiei guztiei beste bat erantsi behar: doazen bertso-plazara doazela, dena emateko jarrera eta gogoa!
Eta halaxe egin zuten 2017ko azaroaren 11n Azebarrin eratu zen San Martin bertso-festa itzelean. Baserritarrez jantzita azaldu ziren biak, eta bertso-saio antologikoa eskaini zuten lehenengo unetik eta akabuko agurra bota zuten arte. Lau atal izan zituen saio luzean argi eta garbi erakutsi zuten bertsotan ondo eta erraz egin nahi duten gazteek badutela norengandik ikasi. Alboan OXABI erromeria-taldearen kale-formatuko lau kide izan zituzten: Jongo, Imanol, Jon eta Mikel. Eta hauek ere trebetasun handia agertu zuten bertsolariekin bat egiteko, eta Azebarrira parajetu ziren bertsozale zein euskaltzaleak dantzan eta kantuan ipintzeko.
Hasierako saioa lokalaren erditik egin zuten, librean eta lege zaharreko era adeitsuan. Ondoren, aurkezle eta gaijartzaile-lana egin zuen Joseba Santxok mahai ertzean eserarazi zituen bertsolari biak, eta gaztetako “zorokeriak” lagunarteko konplizidadean kontatzeko tesituran jarri. Saio aparta egin zuten, eta abilezia ikaragarriz tartekatu zituzten egi “berdaderoak” eta umorezko zirikadak. Bertsoaldien artean Oxabikoek hartu zuten euren doinuekin hango bazterrak alaitzeko ardura. Ondo hartu ere, Azebarriko erdigunea dantzarako plaza bihurtu zuten-eta! Gero, bertsolariek lokalean bildutako jendea koplatzeari ekin zioten, umoretsu eta zirikalari. Eta orduan, ALBEko bertsolari gaztetxoen ordua iritsi zen. Puntu bina bota zizkien bost ALBEkidek bertsolari biei zortzikoa osatzeko (Inazio Vidalek, Imanol Uriak, Paule Loizagak, Unai Mendiburuk eta Kerman Diazek). Imanol eta Inazio bat-batean ere ausartu ziren, eta ez ziren, ez, beteranoen aurrean kikildu. Imanolek eurokin “peloteoan” ibiltzea egotzi zien, eta Inaziok ironia handiz eurok “bihotzez ez ezik, gorputzez ere gazte daudela” bota zien.
Jendartean Fredi Paia egungo Bizkaiko txapelduna egon zen, eta aurreikustekoa zenez, bertsoaldi bizi eta umoretsu bat egin zuen Peña eta Telleriarekin batera. Eta amaitzeko, Josebak desafiorako gai bat jarri zien Anjel Mari eta Millani, barrako puntatik puntara kantatzeko. Hor ere bertsoketa ederra egin zuten, eta antzinako bertso-desafioen sua piztu zuten entzuleen artean. Ondoren Oxabiren errematea etorri zen, eta bertsolari bikotearen akabuko agurra.
Balantze ezin hobea. Erromeria bikaina. Giro aparta eta bertso-festa gogoangarria. Gu Anjel Mari Peñagarikanok eta Millan Telleriak eman ziguten “master”arekin lotzen gara. Milana esker eta hurrengora arte!!!