KOPLA BARIK ARITUKO DIRA BERTSOTAN!

Urrian hasita eta abendura arte, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bertso saio bereziak eskainiko ditu "Kopla Barik" zirkuituan. Bizkaiko Bertsolari Txapelketa atzeratzea erabaki bada ere, udazken honetan ez da bertsorik faltako lau saio ezberdin hauekin. Bizkaiko Txapelketako bertsolariak izango dira parte hartzaileak eta, horien artean, hainbat ALBEkide ditugu!

Kopla Barik bertso zirkuitoa

Lau saio egingo dira urteko azken hiru hilabete hauetan, guztiak formatu ezberdinekoak:

Larunbat honetan, urriaren 24an, bertso saio musikatua egingo da Mungiako Olalde aretoan. 19:00etan hasiko da, Ixak Arruti eta Eneko Sierra musikariekin. Bertsotan Aitor Bizkarra, Ibon Ajuriagojeaskoa, Etxahun Lekue, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal eta Arrate Illaro ALBEko bertsolaria arituko dira,  Idoia Anzorandiaren gidaritzapean. Sarrerak hemen lortu daitezke.

Bigarren saioa azaroaren 14an izango da, Igorreko Lasarte aretoan. Saioaren formatua bertso trama izango da, bertsolariek pertsonaia baten paperetik kantatu eta istorioa osatu beharko dute. 19:00etatik hasita, Eneko Abasolo “Abarkas”, Julen Arzanegi, Miren Amuriza, Txaber Altube eta ALBEko Jone Uria eta Unai Mendiburu bertsolariak arituko dira trama osatzen Lilibertso bertsoeskolako gaiak erabilita. Sarrerak hemen lortu daitezke.

Hirugarren saioa azaroaren 28an izango da, Durangoko Plateruena antzokian, 19:00etan. Sariketa formatuari eutsiko dio eta bertsolariak lehian arituko dira. Bertsotan Ander Elortegi, Irune Basagoiti, Oihana Bartra, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia eta ALBEko Imanol Uria arituko dira. ALBEk jarriko ditu saioko gaiak. Sarrerak hemen lortu daitezke.

Azken saioa abenduaren 20an izango da Getxoko Muxikebarri antzokian. Saio berezi honi Bizkaiko Txapeldunen Jaialdia deitu diote, orain arte Bizkaiko txapeldun izan direnen saioa izango da, jaialdi formatukoa. 18:00etan hasita, bertsotan arituko dira Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Igor Elortza, Jon Enbeita, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga eta ALBEko Fredi Paia eta Xabi Paya, Bizkaiko Txapelketako gai-jartzaile taldearen esanetara. Sarrerak hemen lortu daitezke.