Mundialaren historia

1999an egin zen lehenengo edizioa, Biotz Alai plazan; bertso jaialdi hau Balkoitik balkoira ekitaldiaren garaikidea da, beraz. Hasieratik bertatik izan genuen jaialdi potente bat egiteko asmoa eta gogoa. Esperimentalismoaren bidea oso laster hartu zuen jaialdiak. Jon Sarasuak lehendabiziko edizioan egiaren makinaren rolean botatako bertsoek (ahotsa beren-beregi aldatuz) zerbait desberdina egiteko nahia erakusten zuten. 2000. urtean gaijartzaile-karrusela egin genuen (bertsolari bakoitzak bere gaijartzailea zuen, eta honek gaien bitartez zegokion bertsolariari bidea erraztu behar zion eta gainerakoei zaildu). Hortik aurrera bilakaera izugarria izan du jaialdiak. Gaur egun, gai baten inguruan garatzen da saioa, berariazko gaijartzaile-talde bat batzen da prestaketarako, atrezzoa ikaragarri lantzen da, parte hartze bereziak izaten dira, hainbat ALBEkidek hartzen dute esku muntajean, entzuleek parte aktiboa hartzen dute, teknologia berriek pisu handia dute… eta garrantzitsuena: jendetza batzen da. 2015. urtekoan, urteurrena dela-eta, sei bertsolarirekin barik, zortzirekin egin zen jaialdia, eta etxeko gaijartzaile karismatiko bik gidatu zuten saioa: Aitzol de Kastro eta Peio Unzurrunzaga ALBEkideek. 2015eko gaia TALDE IZAERA izan zen, eta 35. urteurrena gogoan, ordura arteko edizioetako gaiak ekarri ziren gogora, eta bertsotara. 1000 lagun inguru batu ziren Biotz Alai plazako karpapean –tartean gazte asko– eta, zenbait adituren iritziz, saio benetan mundiala izan zen.