Hitzaren dantzaren historia

Bertso-ekitaldi hau jaioberria dugu, 2015ekoa lehenengoa izango baita, baina ideia aspaldikoa dugu. Bertsoen, herri-musikaren eta dantzaren arteko harremana begien bistakoa da: badira kantak eta dantzak bilakatu diren bertsoak, eta bertsolariek sarri kantatu izan dituzte musikarien abestiak; bai eta -gaur egun ohikoa ez den arren- askotan jarri dituzte dantzariak dantzan gure herri-bertsolariek. Kontua da ekitaldi berri honetan hiru jarduera horien arteko harremanetan sakondu gura dela. Egitarauan bertsoek izango dute protagonismorik handiena, jaialdiaren haria eramango baitute oholtzatik. Musikariek alaitasuna eta bizitasuna ipiniko dute, eta dantzariek kolorea eta mugimendua. Algortako Gobela futbol-zelaian izango da (herritarrek Maracaná deitu ohi duten horretan), eta ostean herri bazkaria izango da Fadurako garagardotegian. Aurtengoa lehenengoa dugun arren, ez daukagu zalantzarik ez dena azkena izango!