Mundialak herria behar du. Eta herriak, Mundiala behar al du?

2019ko uztailaren 12a egun eguzkitsu eta ederra izan zen, jendea kalera bultzatzen dituen horietakoa. Algortako plaza eta terrazak bazkalostetik bete ziren. 21:00ak baino pixka bat lehenago, inguruko bertsozaleak haien edariak amaitu eta ordaindu, terrazak utzi edota autoak aparkatu eta Muxikebarri zentrorantza abiatu ziren poliki-poliki. Zergatik? Bertso Jaialdi Mundiala hastear zegoelako, noski!

Pasadan urteetan Biotz Alai plazan ospatu ziren Mundialak, giro informalago batekin. Hori dela eta, antolatzaileak nahiko urduri zebiltzan aurten leku aldaketa zela eta. Muxikebarrik plazarekin konparatuta onurak eta trabak zituen arren, jaialdia bera edonon eginda ere mundiala zela ikusi zen. ALBEko antolatzaileek eta zentroko teknikariek lan asko egin behar izan zuten, baina aitortu behar da emaitza hobeezinak lortu zituztela.

 

DSC 0080DSC 0008

Ikusleek zentroan sartu eta gonbidapena erakutsi bezain laster bazeukaten lana: nahi zuten hitzarekin txartel bana betetzea. Gehienak zuriak ziren, baina Willy Wonkaren urrezko txartelak bailiran, laranja kolorezko sei txartel misteriotsu ere tartekatu ziren. Ekitaldiaren hasiera bera ere berezia izan zen, teloiaren atzetik egin baitzuten bertsolariek hasierako agurra. Goi-mailako bertsolariak izan ere: Unai Iturriaga, Sustrai Colina, Alaia Martin, Imanol Uria, Julio Soto eta Jon Maia. Teloia altxatu eta lehen aldiz areto berria ikusi ondoren beste bertso bana bota zuten. Aurtengo gaiarekin estuki loturik, txartel laranjak bertsolarien artean banatu ziren eta bakoitzari saio osoan zehar erabili beharreko hitza esleitu zitzaion. Herriaren Mundialean, herriak agindu.

Gaiak, beti bezala, freskoak, dibertigarriak eta primeran girotuak:  Alaia bakardadeaz aritu zen maskara zuriz inguratuta, Unai eta Sustrairen “alabak” zabuan jolasean ibili ziren haiek familiaz eta haien arteko adiskidetasunaz mintzo ziren bitartean, Alaia eta Imanol herriko jaietan ohikoak diren tiro-jolasetako bi zotzen azalean sartu ziren, Julio eta Sustraik iraultza egitera animatu zuten publikoa ikusleek hasieran idatzitako hitzak erabiliz. Herriaren Mundiala eta Mundialaren herria.

DSC 0135DSC 0198DSC 0221DSC 0156

Jon hainbat alditan saiatu zen Unairi bere maitasuna adierazten eta azkenean lortu zuen, Alaia eta Julio tradizioaren onurez eta samaz mintzo ziren, hainbat objektu ezberdinen artetik euskal identitatearen sinbolo berria hautatu eta defendatu zuten… bai eta guztien artean geroz eta irrigarriagoa zen zurrumurru kate bat egin!

 

DSC 0041DSC 0123DSC 0180

Argi dago Bertso Jaialdi Mundiala ez dela lehiaketa, bertsozale eta bertsolarientzako antolatutako ikuskizuna baizik, baina aitortu beharra dago aurtengo honetan Jon Maia izan zela irabazle. Beharbada guztietatik zailena zen arren, egokitu zitzaion hitza, daratulu,  gehien erabili zuen bertsolaria izan zen. Nahi bezala erabili ere, esanahiari edo testuinguruari jaramonik egin gabe, publikoaren gozamenerako.

Aurten ere Mundiala mundiala izan da. Herriarentzako egiten denean, herriak erantzun egiten du.