2018ko azaroaren 28an egin zen Erromoko Kultur Etxean Getxoko euskal eragileen lana eskertzeko Getxoko Udalak urtero egin ohi duen gala. Aurtengo ekitaldian Getxon zein Uribe Kostan ondo ezaguna den kultur elkartea omendu zuten: Algortako Bertsolari Eskola «ALBE».
Ez da lehenengo aldia ALBEk Getxoko Udalaren eskutik sari bat jasotzen duena, 2011n AIXE GETXO saria jaso baitzuen, kulturan egindako ekarpenagatik. Oraingoan, berriz, euskararen alde egindako lanagatik saritu dute ALBE, eskolaren 38 urteko ibilbide luzean makina bat euskaldun eta euskaltzale bildu baititu bertsoaren inguruan.
ALBE saritzeko proposamena Getxoko Euskararen Aholku Batzordean egosi zen. Getxoko Udaleko Gobernu Batzak eratutako Aholku Batzorde horretan, honako hauek egon ziren, Imanol Landa alkateaz eta Koldo Iturbe Euskara zinegotziaz gain: Gotzone Agirre, Matxalen Amas, Rozio Luces, Kontxi Zuazubiskar, Idurre Iturriotz, Laura Lapeyra, Jabi Onaindia, Edorta España, Jon Azkargorta eta Jon Atxa.
Saria emateko ekitaldiaren prestakuntzan, bestetik, Joxi Arakama eta Jabi Aranguena euskara teknikariak ibili ziren, fin-fin ibili ere. Izan ere, ekitaldiaren erdian inor gutxik espero zuen sorpresa eman ziguten. Ekitaldia Naroa Torralbaren eta Fredi Paiaren bertso banarekin hasi zen. Gero, Reyes Prados aurkezleak hartu zuen hitza, eta La Basu rap-gileari eman zion bide. Jarraian, ALBEko hiru belaunaldiren ordezkariek hitz egin zuten (Joseba Santxok, Peru Vidalek eta Paule Loizagak), eta sariagatik eskerrak eman ondoren, bertsolari eskola zahar bezain gazte honen sekretua kontatu ziguten, hitzen ostean kantatu zuten bertsoan: ALBEn ahotsak ugari daude / bihotza bakarra dago!
Eta LAU LETRATXO izeneko bertso horren ostean heldu zen denok aho zabalik utzi gintuen sorpresa: teloi atzetik nor agertuko eta Andoni Egaña azaldu zen, mikrofonoa eta paperak eskuan. Beraren presentzia umorez eta ironiaz justifikatu zuen Andonik: mendeku txiki bat hartu nahi omen zuen urteroko Jaialdi Mundialean ALBEk berari eragindako lan gaitzengatik. Baita mendeku hori hartu ere. Ez zen hasi, ba, ALBEkideak banan-banan deitzen eta taularatzen, zer eta oholtzan bertan jaiotza bat osatzeko! Imajina dezakezue zer itxura hartu zuen hango Belenak, Jose, Maria, haurtxoa, aingerua, artzainak, uso zuria eta guzti...
Makina bat barre eragin zuen “bromatxo” horren ostean, hiru bertso eder bota zizkigun tetratxapeldunak, zuzen-zuzenean ALBEkoon zein bertaratuen bihotzeraino heldu zirenak. Hura ere ez zen nolanahiko saria izan!
Eta gala amaitzeko, Josu Landetak eta Joseba Santxok kantatu eta kantarazi zizkiguten dagoeneko eskolaren ikur bilakatu diren Santiau eta Santana kopla zaharrak, Masuste koloreko izenaz ere ezagutzen direnak. Gero, familia argazkia eta aho gozagarria.
Esan beharrik ere ez dago estimatuta dagoela halako saria, batez ere berresten eta goraipatzen duelako 1980tik honainoko guztian ALBEk, ikasgelan, plazan, aretoetan, kalean, eta batez ere euskaldunon aho-belarrietan egindako lan eskerga. Hartu egizue, bada, sari honen zati bana, parte handi bat zeuei baitagokizue. Jarrai dezagun euskalgintzan elkarlanean urte askoan!!!