ERRIOXALDIA 2016

Irailaren 11n, Bizkaiko Bertsozale Elkarteak deituta, bertsolari eta bertsozale mordoak egin genuen tradizio handiko erromesaldia Arabako Errioxan zehar. Getxoko Bidezabal geralekutik 11 ALBEkide abiatu ginen autobus txiker batean, eta Bilbon beste hiru bertsozale hartu ondoren, Zornotzara egingenuen, bertan gainerako espediziokideekin bat egiteko. Zornotzatik Araba aldera denok batera joan ginen autobus bakarrean.

Aro ezin ederragoa izan genuen, baina denboraz estu ibili ginenez, Moises Enbeita Errioxaldiaren bihotz eta buru zehatz bezain argiak bidean kafea hartzeko lotu barik, Samaniego aldera artez egingo genuela esan zigun. Halandaze, kafearen lekuan, hamaiketako ederra izan genuen, ohiko legez, Iñaki Izaren txokoan. Bakailaoa eta urdai errea, Iñakiren ardo gaztearentzeko lagunik egokienak. Moisesen bertso berri ederrak kantatu, Landetatarren soinu eta panderoaren alaitasunaz gozatu eta ostean Guardia aldera egin genuen, gorputza poteorako ondo prestaturik.

Guardiako Hiruko tabernan, Amurizaren usadioari jarraiki, libreko bertsosaiotxo bat egin zuten Eneko Abasolo “Abarkas”ek eta Paule Loizagak. Bertsoen eta poteen ostean, Arabarte upategira joan ginen autobusez. Han, bazkari ederra jan eta ostean, hainbat bertsolarik kantatu zuten bertan, besteak beste, Vidaldar Beñatek eta Inaziok, eta Unai Mendiburuk.

Egunpasaren hirugarren denbora, ohiturari eutsiz, Bastidan egin genuen. Han giroa asko dispersatu ohi den arren: batzuk musean, besteak kontu-kontari, hemengoak kantuan, hangoak bertsotan… Aldian-aldian bertso-jarduera politak egon ziren. Eta animazioaren aldetik, azpimarratzekoa izan zen Landetatar Josuk eta Aritzek egin zuten lan itzela, bazterrak alaituz eta bertsoak eta betiko kantak aldarte onean uztartuz. Aritzek argi utzi zigun aitaren legatua jaso ez ezik, hauspo txikiaren artea goraino eroateko moduko talentua eta gogoa dituela. Ez genuen gutxi gozatu haren errepertorio bizi eta jostariagaz!

Amaitzeko, eskerrak eman behar Bizkaiko Bertsozale Elkarteko lagunei, ekimen bitxi bezain eder honi eusteagatik. Antolaketa, beti bezala, bikaina! Beraz, aurtengo ardo-dastaketak ere aho-zapore gozoa utzi digu hurrengorako!