HITZAREN DANTZA: KULTUR ADIERAZPEN OROBILTZAILEA

Eguzki amandre ere dantzarako prestatu zela dirudi, bere aurpegirik irribarretsuena erakutsi baitzigun. Goiz erdian abiatu ginen kalejiran Biotz Alai plazatik Villaondoetarantz, Berangoko Simon Otxandategiko joaldunak aurretik zirela. Joareen dulun sakonak dotore iragarri zuen domeka hark zer ekarriko zuen.

Dantzari eta herritar asko batu ziren ALBEk antolatutako ekimenera. Jaialdi berezi honen bigarren edizioa zen, baina lehenengoan ez bezala, oraingoan kalejira eran planteatu genuen. ZAZPI JAUZIAK eman genion izena, Algortako zazpi gunetan lotu baikinen bertsotan eta dantzan egiteko. Gune bakoitzean lurralde bateko dantzak. Bertsotan hiru bertsolari-dantzari: Fredi Paia algortarra, Eneko Abasolo “Abarkas” iurretarra eta Oihana Iguaran amasarra. Dantzarako bost dantza talde ezagunetako jendea etorri zen, arrantzale nahiz baserritar jantzirik: ITXAS ARGIA (Getxo), SIMON OTXANDATEGI (Berango), AGURRA (Getxo), BERANTZAGI (Getxo) eta ELAI ALAI (Portugalete). Geldiuneetan hainbat jende batu zitzaigun, batzuk ikusle huts, eta beste zenbait dantzan, ekitaldi honen helburuetako bat herriko jende xeheak parte hartzea baitzen.

Tellagorri plazan bertsolariek ezuste atsegina eman ziguten: bertsolarietako batek koplatan ziharduen bitartean, beste batek dantzan ekiten zion, eta txandaka, hirurek egin zuten bertsotan eta dantzan. Txalo faltan ez ziren lotu bertsolari dantzariak!

Seigarren geraldia Telletxe plazan egin genuen, eta han, Nafarroako dantzak dantzatu genituen. Gorengo puntua edo klimaxa, beharbada, ZAZPI JAUZI(AK) dantza egin genuenean etorri zen, egundoko biribila osatu baikenuen metroko sarreraren ondoan. Eta gainera, bertsolarien ahots hutsez dantzatu genuen, nork bere eran, aditu batzuek zirkulutan eta era desberdinean, baina edozelan ere, une hartan gure giza “harrespil” bizia herriaren epizentro bilakatu zen, eta hainabt eta hainbat jenderen onarpen, laudorio eta goraipamen jaso genuen egindako agerraldiagatik.

Ondoren familia-argazkiak, poteo lasaia eta bazkaltzeko tokirantz, Biotz Alai plazarantz, alegia. Bazkaria gehienbat eguzkitan egin genuen (argi egiaztatu genuen txapela ez dela soilik sirimiritarako ona…). Menua ederra (entsalada, lasagna, oilasko paparra patatekin eta goxua edo pastela). Eta “hitzezko” postrea Frediren eta Abarkasen esku joan zen. Gogotsu ekin zioten bertsotan kafea eskuan geneukala, eta libreko bertsoaldi baten ostean, bazkaltiar danak banan-banan koplatzeari ekin zioten, umoretsu eta zirikalari. Ez genuen barre gutxi egin!

Bertsosaioaren ostean, dantzariek ez zioten eutsi plaza hartan bertan dantzan egiteko tentazioari. Mayor Itxas-Argiako txistulari mitikoak jarri zituen dantza-doinuak, eta laster osatu zen ingurutxoa.

Eta handik San Nikolas plazara, han iragarrita baitzegoen Oxabiren erromeria. Aurkezpenik behar ez duen Oxabi taldeak ez zigun hutsik egin. Euren erritmo alai eta biziekin laster ipini zituzten dantzan hara arrimatu ziren herritar guztiak. Eta erromeriaren erdian, sorpresa! Goizeko kalejiran dantzatu barik lotu ziren dantzak, Bizkaikoak alegia, ezin dantzatu barik laga! Halako batean, Banangoaren doinu enblematikoa jotzen hasi ziren, eta orduan, eguneko beste une magiko horietako bat gertatu zen. Dantzariak, banaka, binaka, launaka, zortzinaka… plaza erdira irteten joan ziren, Bizkaiko dantza zoragarriok dantzatzera, baita bertsolariak ere!

Erromeria amaitzearekin batera amaitu zen egun zoragarri “ofiziala” (kantariek eta bertsolariek kantuan eta bertsotan jarraitu omen zuten…). Eta horrenbestez bukatu zen dagoeneko bere “gaztean” ondo sustraitutako ekimen orobiltzailea: HITZAREN DANTZA! Ikusita aurreko edizio biak, edozer espero dezakegu datorren urterako. Orain artekoak gainditzea zaila izango bada ere, erronka horixe botako diogu geure buruari!

Argazkiak ikusteko: http://albe.eus/dantza-argazki-galeria-urteka/2016