BARRIKAKO NEKAZARITZA-AZOKAN

Barrikako jai-batzordeko lagunek nekazaritza-azoka antolatu zuten ekainaren 19an Barrikako San Juan Jaien barruan. Udaletxe-plazako karpapean giro ederra arnasten zen: sasoi hobeezina, hainbat nekazari haien bendeja saltzeko irrikitan, jendetza hara eta hona. Eta  giro horren erdi-erdian ALBErtsolari bi posturik postu bertsoak aireratzeko prest: Josu Landeta eta Iñigo Kortazar.

Oholtzatik ohiturazko agurrak bota ostean, jendartera abiatu ziren posturik postu.  Ezbairik gabe, plaza horretan bazegoen zer jan eta zer edan, baita zeri eta nori kantatu ere. Zoriak hala aginduta gozotik hasi ziren, hots, bizkotxogilearenetik, eta goxo-goxo aritu ziren han. Bizkotxogileari ere bota zioten bertsorik. Horren ostean, eztarriak sikatzen ari omen zitzaizkien, eta Zamudioko etxeko garagardogileengana parajetu ziren. Bertsotan bizi-bizi egin ostean, zerbeza dastatzeko aukera izan zuten, ondo dastatu ere! Jarraian, itxura ederreko barazkiak saltzen zituen baserritarrarengana ailegatu ziren. Han baserritarrari barik, erosleetako bati kantatu zioten.

 Denbora aurrera, eta oraindik hainbat postu aurretik. Olatxuko marmeladako postuan ere bota zituzten bertsoren batzuk, ardogileengana joan aurretik. Ardogileek adeitsu hartu zituzten Josu eta Iñigo, eta kopa bete ardo eskaini ere bai. Hortik aurrera koplatan hasi ziren. Barazkien beste postu batean eta gaztagilearenean erritmoa bizi-bizi joan zen, saltzaileei bertsotan hainbat keinu eskainiz. Esker onez, gazta zatitxua dastatzeko aukera izan zuten. Azkenengo koplak erdiko postuetan kantatu zituzten bertsolariek, ardo ekologikoa egiten zuten postuan, hain zuzen ere. Hantxe amaitu zen posturik postuko saioa, baso bana ardo eskutan.

 Saioari amaiera emateko oholtzara igo eta agur bana botata amaitutzat eman zuten saioa bertsolariek. Hala ere, saio ostean sorpresa izan zuten bertsotan egiteko aukerarik izan ez zuten postu batean. Hantxe Baigorriko marmelada eta pategilea zegoen, eta handik igarotzerakoan,  bietako nor zen Xalbador galdetu zien bertsolariei. Aitzakia ederra berarekin berbaldia egiteko. Agurtu aurretik, bertso bana bota zioten bertsolariek, “Amodioa gauza tristea” doinuan, zelan ez!