Eguraldiaren aurreikuspenari muzin eginez, 60 lagun inguru batu ginen pasa den barikuan Portu Zaharrean Jone Uria Albizuri algortarra eta Beñat Gaztelumendi Arandia añorgarra bertsotan ikus-entzuteko.
Eguraldi txarra zela medio, balkoitik balkoira barik, Etxetxuko arkupean aritu ziren bertsolariak, txokotik txokora, San Nikolasen jagoletzapean.
Eta bai eta ondo aritu ere. Saio bizia izan zen, eta aktualitateari errepaso ederra eman zioten konplizitate handia azalduz. Batzuetan umorez, bestetan seriotxoago, pil-pilean dauden gaiei kantatu zieten “neurriz eta errimaz”: Eurocopa 2016, Donostia 2016, Athleticen liga-titulua…, “Nazioaren egoeraren gaineko eztabaida” eta guzti egin zuten seiko motzean.
Bukaera aldera, agurren atarian, bertso batzuk bota zizkioten Trino Azkoitiari, bere urteak izan zirela eta, zorionak Trino!!!
Esan bezala, barikuan Portu Zaharrera joaten ausartu ginenok, sari ederra jaso genuen Jone eta Beñaten ahotik, zorionak bioi, bejondeizuela!!!