ALBE EGUNA 2016!

Ez da erraza 2016ko bagilaren 25ean ALBEk Uribe Kostan zehar egin zuen bertso-egunaren mikronika egitea, egitaraua, ekitaldiak eta giroa makro-makro- makro izan zirelako! Baina ahaleginduko gara “seguidilla” bat “kopla txiki” bihurtzen. 

 35 ALBEkidek eman genuen izena (iazko urteurrenaren sindromea ote?). ALBEbusa Leioatik abiatu zen; Lamiako, Erromo, Algorta, Andra Mari, Sopela… Gorliz helburu. Giro lasaian joan ginen Joseba Argiarro txofer ALBEzale bezain mundialaren eskutik (bertsotan ez eban egin, baina dantzan bai, baita hanka polito altxatu ere!).

Handik Gorlizeko itsasargirainoko bideari ekin genion, soseguzko pausoan eta ALBE letrak bizkarrean. Hemen barre, hor argazki, han kontu eta pasadizo… Gero jaitsi eta Armintzara. Armintzan poteoa, ez luzea, baina bai bertsotsua: hiru taberna, hiru bertsosaio. Era guztietako bertsolari konbinazioak. Hori bai, bertsolari guztiek eman zuten beren onena! Eta handik Andrakako sagardotegira, bazkari-legea egitera: txorizoa, kroketak, entsalada, sukalkia, gazta-pastela… jatekoa, gozo-gozo egonda, sobratu egin zen; hortik atera kontuak!

Bazkalostean bertsopaperak. Hor ere menu zabala: Amuriza, Txirrita, Eustakio “Ehulie”, Sarasua… eta, zelan ez, ALBEren ereserki diren Santiau eta Santana, eta Lau letratxo. Inguruko mahaikoek ere eskatu zizkiguten bertsopaperak gurekin batera kantatzeko.

Hortik aurrera, bertso-maratoia, nekerik gabekoa baina: bost orduko bertso ekitaldia, sagardotegiaren kanpoko lorategian. Aro ederra, tragoa eskuan, eroso jarrita, eta aurrean ALBEko bertsolarien desfilea. Azpimarratzekoa saioaren horizontaltasuna. Mikrotik pasa ziren Bizkaiko egungo txapeldunetik hasi eta eskolako azken promesa gazte baino gazteagorainoko guztiak. Gazteak eta beteranoak. Neskak eta mutilak. Eskualdekoak zein Gizpuzkoa eta Nafarroatik etorritakoak. Kantu, soinu eta dantza. A capela zein mikrotik. Belar gainean, aulki gainean zein kupel gainean (Trinoren eskola deitzen dioguna). Banaka, binaka, hirunaka zein taldeka. Elkarrizketan zein desafioan. Hori bai: askotan kostatu egiten zen kantatzeko txanda hartzea (Ajuriako gecko-eskolakoen espiritua). Berba batean esanda: AN-TO- LO-GI- KO-A!!!

Hamarrak aldean egin genuen hanka, edo hobeto esan, “gurpila”, autobusez bueltatu baikinen/baikintuzten nor bere etxera… edo Leioako sanjuanetara, aukera hori ere eskaini baikenuen egitarauan, gazteen gozamenerako.

Laburbilduz, ALBE EGUN GOGOANGARRIA!!! Eskegi ditugun argazkiak gainbegiratu baino ez daukazu horretaz ohartzeko. Hurrengo ALBE egunerako urte bete falta da, baina ez gara “gaixoa ni!” abesten hasiko sanferminetan legez. Eta zergatik? Ez daukagulako zertan baraurik egon itxaronaldian: adi egon gure webguneko kartari eta ez duzu bertso-goserik izango. Ez horixe!

Hori bai, aurtengo ALBE egunaren formatua, eskualdean zehar ibiltzekoa alegia, ikaragarri gustatu zaigu, eta 2017ko ALBE egunean seguruenik errepikatu egingo dugu. Eta hurrengo urtean eskualdeko zein herri hautatuko? Ez dago jakiterik, baina batzuk urduliz dabiltza dagoeneko…

 

Argazkiak: http://albe.eus/eguna-argazki-galeria-urteka/2016