Abian da 2016ko Uribe Kostako Bertsolari txapelketa. Hogeitalau bertsolarik ekin diote eskualde hiperbertsozale honetako aurtongo txapel preziatua lortzeko bideari. Leioako kanporaketan, otsailak 5, hamabi bertsolari lehiatu ziren hiru tabernatan. Egin beharreko lana: hasierako agur puntuagarria, ofizioan hiruna bertso zortziko nagusian, beste hiruna zortziko txikian, eta bertso bat hitz bat gaitzat emanda.
Lehenengo saioan, Ganeko tabernan, Arrate Illaro nagusitu zen, eta horretara, martxoaren 19an Plentzian jokatuko den finalaurrerako txartela zuzenean lortu zuen. Bere atzetik hurrenez hurren, Unai Mendiburu, Peru de Pedro eta Xabier Albizu “Txuri” lotu ziren. Saio txukuna eta partida bat entzule. Bigarren saioan, Kurkudi tabernan, Inazio Vidal nabarmendu zen. Atzetik Peru Vidal, Galder Bilbao “Txapi” eta Iñigo Kortazar lotu ziren. Erritmo handiko saioa eta jendez lepo. Hirugarren saioan, Kazu pubean, Aitzol de Kastrok lortu zuen lehenengo postua. Atzetik Beñat Vidal, Paule Loizaga eta Xabier Saiz de la Maza joan ziren. Hau ere saio txukuna izan zen, jendez mukuru eta kontrastean erabateko isiltasuna bertsoak entzutean. Halandaze, martxoaren 19ko finalaurrekora zuzenean Arrate Illaro, Inazio Vidal eta Aitzol de Kastro pasa ziren. Garaitikoek puntuazioari begira lotu behar. Gaiemaile, Ganekon Nahikari Aio, Kurkudin Haritz Urrutikoetxea, eta Kazun Maider Barañano aritu ziren. Gaijartzaile taldean, gaiak prestatzen eta, eurez gain, Goizalde Atxutegi eta Aritz Landeta ere ibili ziren.
Epaileak Peio Unzurrunzaga, Nagore Iriondo eta Izaskun Salsidua izan ziren. Idazkari lana epaile taldeko Nagore Uribeetxebarriak eta Karmele Elosegik egin zuten. Aitor Fernandez de Martikorena, Leire Iriondo eta Joseba Santxo ere badaude epaile talde horretan. Saioak girotzen Zolloko trikitilariak ibili ziren, Etxebarriatar aita-semeak. Azpimarratzekoak, saio guztietako giro polita, bertsolari beteranoen maila ona eta berrien ausardia. Gazteenek ere erakustaldia egin zuten.
Hurrengo kanporaketa datorren zapatuan jokatuko da, hilak 12, Algortan: Billamonte tabernan 19:00etan, Ekin tabernan 20:00etan eta Azebarri Kultur Elkartean 21:00etan. Ez galdu saio itzelok bizi-bizian ikusentzuteko aukerarik. BIZI BERTSOA!!!