XV. ABRA SARIA: ERRITMO ITZELEKO SAIOA OTORDU ITZELAREN OSTEAN

Kartela erakargarria: iparraldekoa (Aitor Servier), nafarra (Sarai Robles), arabarra (Asier Rubio), gipuzkoarra (Maialen Akizu) eta bizkaitar parea (Aitor Bizkarra eta ALBEko Paule Loizaga). Ekitaldia Azebarri Kultur Elkartearen txoko berrian, Euskal Herria kalean. 

 

Azebarrik prestatutako afari ederraren ostean, Jone Uriak hartu zuen ekitaldiaren lema, eta maistratasun handiz gidatu zuen bertsosaioa. Kalitatez saio ona izan zen, eta erritmoz aparta. Buruz burukora Aitor Servier eta Maialen Akizu pasatu ziren. Azkenean, hiru epaileek (Nerea Bruño nafarrak, Martin Aramendi gipuzkoarrak eta Joseba Santxo bizkaitarrak) Aitorri eman zioten txapela, Maialenekiko tarte estuaz. 70 lagun afaltzen, eta 90 lagun inguru entzuten eta gozatzen. ALBEren eta AZEBARRIren arteko elkarlana afariaren prestaketa-lanetan eredugarria. ALBEko gazteek ere parte aktiboa hartu zuten antolaketan.