BERTSOZALE ASEGAITZAK ETA TELEMATIKAREN ON-GAITZAK

Ase Bertsoz ekimena 2019ko urrian jaio zen, ALBEren eta Azebarriren arteko elkarlanari esker. Planteamendu sinplea dakar ekimenak: hilean behin (ahal dela, hileko akabuko ostegunean) otordutxo baten aitzakian bildu eta bertsotan ekin asetu arte. Jatordu bertsotsuok Azebarriren txoko ederrean izaten dira eta bertsolariak ALBEko harrobiko belaunaldi guztietakoak. Hiru ordu inguruko bertso-jardunak izaten dira, era guztietako bertso-ariketak planteatzen dira eta kolore eta zapore guztietako kantuak eta bertsoak entzuten dira. Parte-hartzaileak politto asetuta erretiratu ohi dira Mari Errauskinen orduan (asegaitzenek kale-tabernetan ematen diote errematea txokoan hasitako bideari).
 
Baina orduan pandemia iritsi zen, eta ondotxo dakizuenez, ekintza jendetsuak oro bertan behera lotzen hasi ziren, gure bertso-gozamen iturri hau barne. "Gogozko tokian, aldaparik ez" esaera zaharraren espiritua geure egin eta ekimenaren eragileoi bertsio telematikoa egitea otu zitzaigun. 2020ko apirilean ekin genion lehendabizikoari (martxokoa birusak irentsi zuen). Jitsi plataforman egin genuen eta, egia garbi esateko, biribil irten zitzaigun. Hamabi bat lagun jardun genuen bertsotan, loreen gorabeheran (Bilintxen apirileko larrosa aitzaki), beti izaten baitugu gai orokorren bat abiapuntu gisa. Entzuleren bat edo beste ere animatu zen gurekin bat egiten, Errigoitiko Joseba Uribarri kasu, agurtzeko eta ekimenagatik zoriontzeko konektatu baitzen.
 
Eta esperientzia eder horretan indar harturik, maiatzeko edizino telematikorako deialdia zabaldu genuen. Berehala osatu zen kantari gogotsuen tropeltxoa. Maiatzaren leheneko lan aldarrien haritik, lanabesak jarri genituen gai orokor modura. Bakoitzak berea aukeratu behar. Eta horrelaxe ekin genion atzo, maiatzak 28, Internet bidezko bertso-lanari.
Arazo tekniko franko izan genuen hasieran: era guztietako zaratak, jendea sartu ezinik... 10 minutuko ahalegin alferrekoen ostean, plataformaz aldatzea erabaki genuen, entzule zegoen Andrearen proposamenez. Jitsitik Zoomera egin genuen salto, ondo eman ere. Hortik aurrera eragozpen barik aritu ginen bertso kantuan. Hori bai, parte hartzaileen taldea majo mehartu zen: 5 lagun kantuan eta 4 entzule. Partida bat bertso, kopla eta puntu bota genuen!
 
ase bertsoz mikronika
 
Eta mikronika hau amaitzeko, entzuleen atala aipatu behar. Esan bezala, 4 entzule izan genituen, baina ez parajekoak: Irungo Ainarak, teknikan lagundu ez ezik, bertso-paperak ere eskaini zizkigun (tamalez ezin izan genituen kantatu, arazo teknikoekin larregi endredatu ginelako). Iparraldeko Jean Dominique Agostinik audio bidez jarraitu zuen saio osoa. Eta beste lagun 2 ere izan genituen entzule: Nafarroako Karrakazteluko Raúl, eta Andrea, nondik eta Uruguaitik konektatu zena!!! Hortxe izan genituen txintxo-txintxo, arazo teknikoak konpontzen laguntzen, bai eta gaia jartzen ere!!! Mila esker guztioi, bihotz-bihotzetik. Ez zarete makalak!!!
 
Honenbestez ez badugu kitzikatu hurrengo ASE BERTSOZ ekitaldian parte hartzeko zure gogoa, ez da izan gutxi saiatu garelako. Zain gauzkazu!!!