BALTZA NAZELA DINEURE...

Omenaldia egingo diote gure eskualdean maisu eta gidari lana egin zuen Jon Lopategi bertsolari handiari urriaren 27an Gernika-Lumon. Hainbat artista arituko dira ARGI BALTZA izeneko omenaldi horretan, Lizeo Antzokian 18:00etan, tartean paia ruiztar Fredi eta Xabi, eta Jone Uria Albizuri.

 

Jon Lopategi "Baltza" bertsolari bizkaitarra 50eko hamarkadan hasi zen bertsotan eta bertsolaritzari eta euskal kulturari ekarpen handiak egin zizkien. Bertsolaritzaren irakaskuntzan eta transmisioan erreferentea izan zen. Uribe Kostako ikastoletan ere ibili zen 'bertsolaritza' gaia ematen Bizkaiko Ikastolen Elkartearen eskutik. Algortako San Nikolas ikastolan, esaterako, Izaskun Tellitu Franko nabarmendu zen lehenengo loraldi hartan. Gero, Joseba Santxok hartuko zuen haren lekukoa eta bide emango zien hurrengo belaunaldiei.
Bestetik, Kanpantxuko bertso-barnetegiaren sortzailea eta kudeatzaile nagusia izan zen Jon, eta han Bizkaiko bertsolari 'promesak' batzen ziren, gaztetarik goi mailara begira jartzeko helburuarekin. Handik paseak dira, besteak beste, Fredi, Xabi eta Itxaso Paia RuizJone Uria Albizuri eta Arrate Illaro Etxebarria
Beste arlo batean, gai sozialak bertsoetara ekarri zituen lehena izan zen. 1989an Txapelketa Nagusiko irabazlea izan genuen, birritan txapeldunorde eta Bizkaiko Txapelketa 4 urtez irabazi zuen. 2019ko otsailean hil zen, 84 urte zituela. Haren izena, izana eta lana eskertzeko, ARGI BALTZA ekitaldia antolatu dute.
Dirudienez, Gernika-Lumoko bertsosaio hori urtero antolatzen dute. Aurtengoa hirugarren edizioa edo izango da, baina oraingoan Baltzaren omenaldia txertatu nahi izan dute egitarauan, hark egin zuen lan ederra eskertzeko. Bejondeiela! 
 
Omenaldian Jabi Arriaga Txiplas, Juan Mari Areitio, Onintza Enbeita, Amets Arzallus, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Jone Uria eta Aitor Mendiluze ibiliko dira bertsotan, Xabi Payaren esanetara. Gonbidatu bereziak ere izango dira bertan: Mikel Urdangarin, Unai Iturriaga, Igor Elortza, Josu Zabala, Xabier Amuriza eta Josu Goikoetxea.