URIBE KOSTAKO BERTSOLARI TXAPELKETA 2018

Erandio izan zuen abiapuntu 2018ko Uribe Kostako Bertsolari Txapelketak, Erandiok ondo irabazita baitauka bertso ekimen garrantzitsuen erreferentzia izateko pribilegioa. Berbots euskara elkartea ez da alferrik ari urtez urte eta euskal kulturgintzan.

Martxoaren 9an egin ziren lehenengo kanporaketari zegozkion hiru saioak. Lehenengoa Goikoa tabernan. Hor Inazio Vidal nagusitu zen. Bigarrena Ziaboga tabernan. Saio horretan Beñat Vidalek lortu zuen lehen postua. Eta hirugarrena Coliseo tabernan. Hemen Paule Loizaga gailendu zen. Azpimarratu behar da, hala ere, 12 bertsolariek utzi zituztela euren maila erakusteko moduko bertso aleak.

Hainbat entzule batu zen hiru saioetan eta oso giro ona sortu zen. Gaijartzaile Naiara Etxaiz ibili zen lehenengo saioan, eta Jon Amezaga gainerako bietan. Lan ona egin zuten bi-biek. Epaimahaian lehengo eta oraingo jendea aritu zen, Joseba Santxo koordinatzaile dela: Josu Arroyo, Leire Iriondo, Aitor F. Martikorena, Nagore Uribe-Etxebarria eta Araitz Lasa. Idazkari lanean Karmele Elosegi eta Arkaitz Gomez Arkan. Aipatzekoa, era berean, gaijartzaile taldeak egindako lana, Goizalde Atxutegiren gidaritzapean: Miren Loizaga, German Kortabarria, Nahikari Ayo, Aitor Fernandez Martikorena, Naiara Etxaiz, Jon Amezaga, Olatz Larrinaga eta Goizalde bera.

Eskualdeko makinariak ederto funtzionatu zuen lehenbiziko pauso honetan.

Nabarmendu beharreko beste puntu bat diseinuarena da. Itsaso Bartolome diseinatzaileak lan aparta egin du oraingoan ere. Saioetako karteletan daukazue horre froga. Bai eta martxoaren 24an Sopelako finalean nagusitzen denari jantziko zaion txapelaren diseinuan ere.