HERRIZ-HERRI ETA JAIRIK-JAI, BERTSOTAN!

Urteroko ospakizun eta erritoetan, Uribe Kostan bada bereziki maite dugun bat: San Juan bezperako sua. Uda heldu dela iragartzen digu eta, harekin batera, udako parranda, otordu eta bertso saioak. Gurean, Balkoitik balkoira, Jaialdi Mundiala eta San Inazio eguneko maratoia dira sonatuenak; ez, ordea, bakarrak. Bertsozale eta bertsolariek, herriz-herri, plazaz-plaza izaten dute elkarrekin gozatzeko aukera.

San Juan suarekin batera heldu zen, hain zuzen, Leioako jaietako saioa. Ekainaren 25ean, Igor Elortza, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Kerman Diaz aritu ziren, Beñat Vidal gai-jartzaileak esleitu zizkien gaiekin dantzan: Avanzadako goizeroko trafiko pilaketak, bertsolarien jubilazio garaia, Lauaxetaren heriotzaren urteurrena, eta abar (saioko zenbait ariketa webgunean bertan ikus daitezke). Bereziki gozagarria izan zen Sustrai eta Kerman ofizio batean aliatu zirenekoa, biak baitira, sortzez, urruñarrak. Hala adierazi zuen lehenak, azken agurren txanda heldu zenean:

Gaurkoan pozez noa etxera
hala uste dut behinepin,
Leioan jardun izanagatik
beste urruñar batekin.

Ikea Barri plaza eguerdiz betetzeko aitzakia polita eman zioten bertsolariek herriko bertsojaleei. Badirudi, beraz, Leioako hitzordua urterik urte egonkortzen ari dela. Ona!
Leioakoa ez da, hala ere, azken urteetan finkatzen ari den saio bakarra: egun berean, Barrikako azokako postuetan aritu ziren Iñigo Kortazar eta Galder Bilbao “Txapi” albekideak. Gaurkotasuneko kontuak, Barrikako berriak eta parean zituzten zaleak hartu zituzten gaitzat.

San Juanetatik, San Pedroetara; Leioa eta Barrikatik, Sopelara. Uztailaren 1ean, Sopelako jaietako txosnagunean, Amets Arzallus, Oihana Bartra, Sebastian Lizaso eta Unai Mendiburu aritu ziren, Miren Loizaga jai-gartzailearekin batera. Etxerako lanak eginda etorri ziren bertsolariak, ederto ezagutzen baitzituzten Mirenek aipatutako herriko gaiak.
Hurrengo egunean, Sopelako jaietako kuadrillen sari banaketan, Paule Loizaga, Unai Mendiburu eta Arrate Illaro aritu ziren. Duela hiruzpalau urte sortu zen saio hau, eta helburu bikoitza dauka: batetik, herriko gazteek bertsoarekin gozatzea, eta, bestetik, aisialdian euskaraz ondo pasatzea. Izan ere, ezin da ahaztu Uribe Kostan bertsoak bete-betean eragiten duela euskararen hedapen eta erabileran.

Ohartu garenerako, uztaila erdialdean gaude jadanik. Hala ere, uda luzea dugu aurretik, eta bertso-martxak laster du hurrengo zita: Gorlizen, uztailaren 26an. Hantxe izango ditugu zain Julio Soto, Jon Maia, Odei Barroso eta Paule Loizaga.


Jarrai dezagun (bertso) parrandan!