BERTSO JAIALDI MUNDIALA!

Urtero bezala, aurten ere jendez bete zen hilaren 6an Bihotz Alai enparantza, bertso-saio Mundialean zer ikusiko zain.  Nor edo nor iazko urteurreneko saio gogoangarriak langa goregi utzi ote zuen beldurrez baldin bazegoen ere, ez zuen inork hutsik egin, ez gai-jartzaile taldeak, ez aurkezleak, ez bertsolariek, ezta publikoak ere! Bertsolariak ere, beste behin, goi mailakoak izan ziren; aurtengoan Andoni Egaña, Fredi Paia, Jone Uria, Alaia Martin, Igor Elortza eta Julio Soto ibili ziren kantuan.

 

Saioa hasi zenerako plaza erabat beterik ez bazegoen ere, saioa hasi eta berehala inguruko tabernetan zeuden azken bertsozaleak ere bertaratu ziren, eta itxura ezin hobea hartu zuen Bihotz Alai enparantzak. Erantzun aldetik ere beti bezain eskuzabal ibili ziren, txalo jotzeaz gain altxatzeko eskatutakoan altxatuz eta abar.

Gai-jartzaileari dagokionean ere, berrikuntza edo azken urtetakoarekin konparatuz aldaketa izan genuen. Peio Unzurrunzaga eta Aitzol de Castroren lanek maila oso altu uzten bazuten ere, bikain ibili zen Miren Loizaga Sopeloztarra. Goraipatzekoa, nola ez, gai-jartzaile taldearen lana, gaiak prestatzeaz gain dekorazio eta mozorro denak egokitzearren!

Bukatzeko, eta nahiz eta hauek ere ohituta gauzkaten, ezin aipatu gabe utzi bertsolarien edozer egiteko prestutasuna. Bertsotan ondo egingo dutela aurre-suposatzen badugu ere (bai, zergatik ez), mikrofono aurreko tinkotasunetik apur bat  urruntzea ez da beti erraza izaten.

Guztira saio borobil-borobila atera zen, eta antolatzaileok ezin gusturago gaude emaitzarekin. Datorren urtean gehiago, eta kostako bada ere, ahalegina egingo dugu hobea izan dadin.