Halako batean, Algortako kasinoa itxuraldatzen hasi zen. Edadeko muslari eta briskalariak geldiro-geldiro ostontzen joan ziren. Hango banakako mahaiak amu formako mahai handi bakar bihurtuta lotu ziren. Eta amuari beita ipini behar. Txoko batean pantaila handia.
Beste batean oroigarri dotoreak ikusgai. Bafleak hemen, soinu-ekipoa han, urteurreneko roll-upa… Handik gutxira hasi ziren 80tako hamarkadako pertsonaiak heltzen: chic, hippy, retro, rock, borroka, punk, pop, hortero, disco-star, motero, abba… Apurka-apurka mimoz apaindutako mahai koloretsuan jartzen joan ziren denak.
60 lagun batu ziren mahaiaren bueltan, ALBEren 35. urteurrena dela-eta ukitu berezia hartu zuen III. BERTSO-AFARI TEMATIKOAn. Gaia zabala zen: 80tako hamarkada, eta lagunartea ere zabala: ALBE familia osoa (nagusiak, helduak, gazteak, gaztetxoak…), ALBEzale mordoa, bai eta gonbidatu bereziak ere.
Katxoren familiak prestatuko afari ederraren inguruan ez zen kexarik izan: zurrukutuna, legatza pla-pla eginda piper gorriekin eta pantxineta. Ederra benetan! ALBEko gaztexoak arduratu ziren zerbitzeaz, trebatasun handiz, egin ere!
Kafeak zerbitutakoan, Elvis Presleyk (Josebak) egin zituen aurkezpen-hitzak, gogoratuz ALBE 80an sortu zela, eta 80tako hamarkadan murgiltzeko bide emanez. Ondoren gonbidatu berezien aurkezpena egin zuen: Laura Mintegi idazlea, Olatz Gorrotxategi abeslaria eta Endika Guarrotxena futbolaria (hirurak ALBEkide edota ALBEzale historikoak). Eta segidan, saioa BACK TO THE FUTURE filmeko Aaron “Doc” (Pello Arondo) profesore zoroaren eskuetan utzi zuen saioa. Irakasle xelebreak gaiak egoki emanez gain, antzezpen bikaina egin zuen ikerlari txirenearen rolean. Maialen Lujanbio eta Jon Maia bertsolariek bertsosaio ederra eman zuten, sano konpletoa: izan zen gogoeta sakonik, izan zen umorerik… luze jardun zuten, zati bitan, Doc-ek emaneko gaien inguruan; soseguz eta konfiantza-giroan, euren mailaren erakustaldi ona egin zuten. Bertso eder asko entzun zituzten kasinon batutako 60 lagunek. Hiru gonbidatuek ere gai bana jarri zieten bertolariei, ausart eta iaio.
Saioaren ostean, zenbait ALBEkide historikok okasiorako prestatutako oroigarriak eman zizkieten, bai gonbidatu bereziei (Edortak Endikari, Mirenek Laurari eta Leirek Olatzi), baita bertsolariei ere (Begoñak Jon Maiari eta Jon Aurrek Maialeni). Oroigarria koadrotxo karratu zuri bat zen, barruan magnolio-hosto bat zuena, bi bertsolariren soslaiekin eta urteurreneko leloa mikrozulatuta: “35 urte hitza bihurtzen ARTE”.
Eta amaitzeko… dagoeneko urteurren ukituko ekitaldietan ohikoa bilakatu den LAU LETRATXO bertsoa kantatu zuen ALBElaunaldi guztietako ordezkariek osatutako ALBEsbatzak.
Aipamen berezi bi: batetik, gaijartzaile-taldearentzat (Jone, Imanol, Iñigo, Itsaso, Pello, Ane, Miren…), lan eskerga egin baitzuten gaiak prestatzen eta teknologia berriak txertatzen; eta bestetik, gainerako kontuez arduratu ziren guztientzat: Naia, Olatz, Beñat, Inazio, Pello… (musika-ekipoa, pantaila, argazkiak, oroigarriak, erosketak…). Halako talde bikainarekin lasai itzul daiteke etorkizunera… Hire baimenaz beti ere, ez dok, Doc?