AGUR 2018ARI, LASTER ITZULIKO GARA KANTARI!

Bizitza aroka, sasoika, urteka edo bertso-urteka neur daiteke. ALBEkook akabuko era hori maite dugu, urtean zeharreko bertso-ekitaldiek arrastoa uzten dutelako gugan. Bertsoek zirrara sortzen dute, eta bertsozale-sarea osatzen laguntzen.

Bertso-familia deitu ohi diogu bertsoaren inguruan batzen garen taldeari. Eta horregatik egiten dugu negar taldekide bat joaten zaigunean. Beti arte, Marian! Eta horregatik egiten dugu barre Biotz Alaiko karpapean bertsolari artistek beren ateraldirik onenak eskaintzen dizkigutenean. Eta horregatik animatzen ditugu gure eskolakideak txapelketetara aurkezten direnean. Eta horregatik pozten gara sariren bat lortzen dugunean. Eta horregatik hunkitzen gara norbait omentzen dugunean.

Aurtengo urtea oso bizia izan da emozioei dagokienean. Bai eta sano emankorra ere, egindako lanen aldetik. Baina bada puntu bat, lanak eta emozioak uztartzen dituena. Bada puntu bat botatako izerdia urre bihurtzen duena: ikustea gure katea ez dela eten. Ikustea gure beteranoak hasi berrien ondoan. Ikustea itxura, gustu, joera eta izakera desberdineko bertsozaleak elkarren inguruan, berbetan, planak egiten, elkarregaz bidaiatzen, entseguak antolatzen, tragoan, barreka, kalean bertsotan... Hau ez dago liburu batean biltzerik. Ezta entziklopedia batean ere. Baina izan bada, izena baitu: ALBE. Ondoko bideoan daukazue 2018. urtean zehar bizi izandakoaren une batzuk. Zenbait tanta. Emari handiko erreka bizia den bertsolari eskola xume bezain eder hau osatzen duten tanta edangarriak. Dasta itzazue, urte berriaren ur berrien esperoan.

ALBE